eskolako hegiak

Hezitzaileok ere erdigunean egon behar dugu

Nerea Olaziregi 2019ko urr. 11a, 11:59

"Zirkulazio libreak haurren autonomia eta gaitasun-mota askoren garpena bermatzen ditu".

Hezitzaileok egunero aurrera eramaten ditugun iraultza txiki eta handiak erdigunean jarri nahi ditut. Metodologia zaharkitu, testuliburu eta etxerako lanen gainetik, bestelako hezkuntza-sisteman sinesten dugu askok, sorgin-ehiza eta eskola publikoa zaindu beharko luketenen utzikeria gertu sentitu arren.

Aurreko ikasturtean, martxoaren 8ko grebaren harira, Itzaletik argira erakusketa antolatu genuen Erandioko Altzaga ikastolan. Ekimen horrekin, itzalean dauden emakumeak erdigunean jarri nahi izan genituen. Haur eta gazteek, lantzen ari ziren proiektuarekin lotutako emakumeen biografiak idazteaz gain, etxekoenak eta etxekoen zaintzaz arduratzen direnenak ere argira ekarri zituzten. Egun gutxian, ikastolako hormetan, besteak beste, astronautak, baserritarrak, abuelak, zientzialariak, izekoak, eskultoreak, amamak, artistak, etxeko langileak, ile-apaintzaileak, idazleak eta amak agertu ziren. 

Gure txanda heldu zen gero. Ikastolan lan egiten dugun hezitzaileok (irakasle, jantokiko begirale eta premia bereziak dituzten umeekin dauden profesionalak) gure eguneroko lanean itzaletik argira ekarri nahi genituen kontuak mahai gainean jartzera ausartu ginen. Ariketa polita izan zen. Eta zaila. Ikusten ez dena ez da existitzen. Kontatzen ez dena ere ez. Eta zenbat kostatzen zaigun "gu"-ri buruz hitz egitea.

Emozioei izena jartzen

Hala ere, oraingoan, ezin tentazioari eutsi. Aurreko batean gertuko pertsona batek esandakoa iltzatuta geratu zait buruan: "Nerea, zu kazetaria izanda, nolatan amaitu duzu pixoihalak aldatzen?". Isilik geratu nintzen. Agian, horregatik, gure lana goraipatu beharra. Agian, gurea ere, emakume-aurpegia duen lan bat izanda, gutxi baloratzen delako.

Duela zortzi urte hasi nintzen Haur Hezkuntzan lanean. Hemen, Altzagan. Orduan ez nituen nire emozio batzuk identifikatzen. Haserrea eta tristura adibidez, nahastu egiten nituen. Eta bigarrena onartzea kostatzen zitzaidan. Beldurra niola uste dut. Haurrekin ikasi dut emozio batzuei izena jartzen eta kudeatzen. Baita ere, norbera eta taldea, alegia, "ni"-a eta "gu"-a, txanpon beraren bi aldeak direla. Eta betetzea hustea dela. 

Bestelako ereduak

Behaketan eta entzuketan ere trebatu naiz. Itxaroten ikasi dut. Eta isilik egoten, oraindik kostatzen zaidan arren. Ikasi dut hezitzaile eta haurraren arteko harreman afektiboaren balioa. Eta ez dagoela ondo ala txarto margotzen edo dantzatzen duen inor. Estereotipoetatik kanpo, bestelako ereduak behar ditugula denok. Izan nahi dugun hori izateko, aurreiritziak eta epaiak alboratu behar ditugula, begirada kritikoa izan eta eremu seguruak eraiki.

Hezkidetza ez dela egun zehatzetan eskola puntu morez eta lelo hutsez betetzea; "Ezetza ezetza da" esaldiak ez duela zentzurik ezetz esaten ikasten ez badugu eta zailagoa dena, ezetza onartzen ez badugu. Eskola parte-hartzailea eta plurala posiblea dela, bitartekoak eta baliabideak jartzen baditugu. Urriaren 12an, Hispanitatearen egunean, inposatzen diguten egutegian gorriz agertu arren, ikastola jendez betetzea posiblea dela; Mari Domingi ez dela Olentzeroren laguntzailea eta rappelatzen eta patinatzen oso trebea dela; elkarbizitza osasungarria izatea protokoloak martxan jartzea baino askoz ere biziagoa eta sakonagoa dela. 

Hutsuneen balioa

Ikasi dut partxis-itxurako pasabide eta gelen ordez, guneek kolore neutro eta naturalak behar dituztela. Eta hutsuneak. Zirkulazio libreak haurren autonomia eta gaitasun-mota askoren garapena bermatzen dituela eta irudimena mugatzen duten plastikozko jostailu egituratuen ordez, askoz ere aberasgarriagoak direla pentsatzeko eta sortzeko materialak, berrerabiliak badira hobeto.

Eta bai, pixoihalak aldatzen ere ikasi dut. Egunero 35 bat aldatzen ditut, eta une pribilegiatu eta berezi horren balioaz jabetu naiz, haurraren eta hezitzailearen arteko errespetuzko eta elkarlanerako harremana sendotzeko aukera paregabe horretaz. Bestelako hezkuntza-sisteman sinesten dugunok hegan saiatu gara. Batzuetan taldeka, besteetan bakarka, baina gure ilusio, neke, kontraesan eta zalantzekin, bagoaz… 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun