Askotan, inguruko erdaren eraginez, zehar-galderaz emateko diren esaldi batzuetan erlatibora jotzen da. Horrek arriskua dauka, izan ere, esan nahi denaz bestelako zerbait esatea ere gerta daiteke. Esaterako, ondorengo esaldietan garbi ikusten da ez direla gauza bera: "Esadazu nahi duzuna" eta "Esadazu zer nahi duzun". Kontua da sarriegi aurkitzen ditugula lehenbizikoaren tankerakoak, bigarrena esan nahi denean. Hona hemen esandakoaren zenbait adibide: *Ez dakigu gertatu dena (Ez dakigu zer gertatu den), *Hark esango dizu egin behar duzuna (Hark esango dizu zer egin behar duzun).
Baina erdarak gure egunerokoan hain barneratuta ditugun honetan, nola jakin zein egitura den egokia? Bada, gaztelaniazko esaldiari "lo" kendu eta gero geratzen denak aurreko esanahi berbera badu, euskara zuzenean zehar-galdera erabili beharra dago. Honatx: No sabes lo que dices = No sabes qué dices = Ez dakizu zer esaten duzun. Jarraian, ikus dezagun zeintzuk diren zehar-galderak gobernatzen dituzten aditzetako batzuk: galdetu, esan, jakin, erabaki, igarri, sumatu, antzeman, ohartu, konturatu, ikusi, begiratu, aztertu, beldur izan, dudatan jarri, eztabaidan egon, garbi izan, gogoratu, ahaztu, kontuak atera, irakatsi, erakutsi, zain egon…
Ondorengo esaldietan garbi ikusten da ez direla gauza bera: "Esadazu nahi duzuna" eta "Esadazu zer nahi duzun". Kontua da sarriegi aurkitzen ditugula lehenbizikoaren tankerakoak, bigarrena esan nahi denean
Zenbait salbuespen
Dena den, hizkuntzekin ari garenean, ezin esan dezakegu beti horrela izan behar duenik. Badira salbuespenak, jakina, eta baliteke zenbaitetan erlatibozko esaldia eta zehar-galdera, bi-biak, zuzenak izatea. Hori bai, argi izan behar dugu hainbatetan ez dutela esanahi bera izango: deskribatu zer ikusten ari zaren (ez dakigu zer ikusten ari zaren) eta deskribatu ikusten ari zarena (badakigu zer edo zer ikusten ari zarena, baina ez dakigu nolakoa den).
Hala ere, egon badaude esanahi aldetik hurbiltzen diren esaldiak, bai erlatiboa bai zehar-galdera erabilita: "Kalkulatu diodotik pasatzen den korrontea" = "Kalkulatu zer korronte pasatzen den diodotik/Kalkulatu zenbateko korrontea pasatzen den diodotik". Kontua da horietan ere zehar-galderak erabiltzera jo beharko genukeela, erlatibozko perpausak luze-luzeak izan daitezkeelako. Gaztelaniazko esaldia ulertzeko ez da aparteko arazorik izaten, erlatiboaren bidez ematen bada ere: "Indicad el número de alumnos/as que pasarán a cuarto curso si las previsiones de sus tutores/as se cumplen". Baina era berean euskaratzen badugu, alegia, erlatibozkoari eutsita itzultzen badugu (eta hori izaten da joera), esaldia ulergaitza da: "Zehaztu (ezazue) tutoreek iragarritakoa betetzen bada laugarren mailara pasatuko diren ikasleen kopurua" (????).
Ez dugu ahaztu behar hizkuntzen helburu nagusia komunikatzea dela, eta bide horretatik jo behar dugula, ulergarritasuna bermatzeko. Zehar-galdera baliatuta zertarako horretara hurbiltzen gara: "Zehaztu (ezazue) zenbat ikasle pasatuko diren laugarren mailara tutoreek iragarritakoa betetzen bada".
Azkenik, aintzat hartu behar dugu batzuetan, erlatibozkoa agerian ez badago ere, galderak inplizituak egoten direla (oso ezkutatuta, zenbaitetan) erdarazko esaldietan. Horrelako kasuetan ere, egokiago ematen dira euskaraz zehar-galderak erabilita: "Hemos de decidir la ubicación de la sala de informática" = "Erabaki behar dugu non kokatu informatika gela"; "Ten en cuenta la gran disposición del sindicato para negociar" = "Kontuan hartu zein prest dagoen sindikatua negoziatzeko"; "Es conveniente evaluar los progresos individuales del alumnado" = "Komeni da ebaluatzea zer/nola/zenbat aurreratu duen ikasle bakoitzak"; "Consensuaron los plazos del desarrollo de la nueva ley" = "Adostu zuten zer epetan garatu lege berria". Zehar-galdera erabilita, gainera, nominalizazio-estiloaren gehiegikeria saihesten dugu (hurrengo atal batean arituko gara horren inguruan), eta estilo jator eta naturalagoa bultzatu.
Ematen dizkigun aukerak ikusita, eman diezaiogun zehar-galderari merezi duen erabilera, ulergarritasunaren mesedetan bada ere.