Ikasleak gara. Indarra gara. Gure inguruan bizi ditugun injustizia, zapalkuntza eta problematikei aurre egiteko beharra sentitu eta hauei erantzuteko antolatu garen ikasleak”. Hezkuntza eta ikasle mugimenduaren baitan aurkitutako “hutsunetik” abiatuta hasi dira antolatzen gazteak: “Ezagunak izan dira ikasleek kaleak hartu dituzten egunak eta kontaezinak hezkuntzako inposaketen aurka mobilizatutako pertsonak. Kontziente gara, ordea, hainbesteko indarra izan duen ikasle mugimendu horren argia itzaltzen joan dela azkenaldian”.
Ikasle gisa egungo hezkuntza sistemak modu ugaritan zapaltzen dituela azaldu dute; hezkuntza sistema espainiar zein frantziarrak genero zapalkuntzan, nazio ukapenean, kultura, arraza edota klase bereizketan, amalurraren agortzean eta kontrol sozialean oinarritzen baitira, besteak beste. Ikastetxez ikastetxe saretzen ibili dira, tokian toki ikasleek bizi dituzten problematikei aurre egiten. Eremu lokalean lan egiteaz gain, ordea, “hezkuntza sistema hauek eraisteko eta euskal hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko” beharrezkotzat jo dute Euskal Herri mailan antolatzea.
Frantziar eta Espainiar estatuek bermatutako hezkuntza ereduek euren hizkuntza gutxietsi eta herriaren historia ukatzen dituztela gogorarazi dute. Eta horregatik hautatu dute urriaren 12a, Hispanitatearen eguna, euren aldarriak publiko egiteko.
Bide horri ekiteko lehen urrats gisa irudikatu nahi dute azaroaren 28ko ikasle greba. Pentsionisten, metaleko langileen, mugimendu feministaren edota ekologistaren ereduari jarraiki, kaleak hartzeko deia egin dute: “Goazen ikasle batasunaz hezkuntza sistema hauek eraitsi eta guztion mesedetara egongo den hezkuntza burujabe bat eraikitzera”.
Albiste hau Topatu.eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.