"ETEek berrikuntza ez teknologikoaren arloan lehenbiziko urratsak emateko" tresna da Hazinnova, Innobasqueren izenean Alaitz Landaluzek azaldu duenez. izan ere, inguruko enpresen erronketako bat horixe dela azpimarratu du Landaluzek, arlo horretan "hobekuntzarako tartea" egon badago eta.
SPRI Taldeko Josu Ocarizek argitu du Hazinnova zer den: "Doako aholkularitza eta laguntza eskaintzen du, berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezartzeko; proiektu txikiak dira baina eragin handikoak, epe laburrean emaitzak dituztenak". Hain zuzen, gure eskualdean eta inguruen zerbitzu hori enpresetara ailegatzeaz arduratuko diren bitartekariak egon dira agerraldian: Leioako, Uribe Kostako Mankomunitateko eta Mungialdeko Behargintza, eta ekitaldia antolatu duen EGAZ Txorierri.
Azkenik, zenbait enpresatako ordezkariek eremu horretan izandako esperientziak azaldu dituzte, tartean Plentziako Crusoe Treasure ur azpiko upategiak.