Klima aldaketari lotuta, kostaldeko uholdeengatik arrisku guneetan bizi direnen kopurua orain arte uste zenaren hirukoitza da, eta hazten segituko du itsas mailaren igoera aurreikusita dagoen bitartean. Climate Central ikasketa zentroak garatutako behaketa digitaleko eredu batetik (CoastalDEM) ondorio horiek atera dituzte.
Hala, Euskal Herriko gune askori eragingo liokete uholdeek, eta Uribe Kosta ez da horretaz salbatzen. Mapan ikus daitekeenez, Nerbioi ibaiaren ondoan dauden gune denak uraren azpian geldi litezke, hala nola Areeta, Itzubaltzeta/Romo, Lamiako, Astrabudua eta Altzaga. Leioan, Udondo errekaren eraginez, uholdeek udalerriaren erdigunera ere hel litezke, Avanzadara arte. Bestalde, Algortan, Ereaga hondartza desagertu eta Portu Zaharreko zelaigunea txikituko litzateke; Kirol Portuaren arrastorik ere ez litzateke egongo. Plentzian ere eragina nabarmena izango litzateke. Butroe ibaiak gora egingo luke itsasadarrean, Txipio, Isuskitza eta Plentziako Ontziola plazaren inguru osoa uraren pean utzita. Armintzan ere urak bere lekua hartuko luke portuaren eta hondartzaren ondoan. Bestalde, eskualdeko hondartza ia denak desagertu egingo lirateke klima aldaketari aurre egiten ez badiogu.