Uribe Kostako Berbalagunak euskaraz saretzeko eta mintzapraktika gauzatzeko ekimena da, eta bidelagunak behar ditu. Izan ere, bidelariak euskara praktikatzeko eta maila hobetzeko kide bila dabiltza. Egitasmoaren antolatzaileek azaldu dutenez, "adiskide giroan arituko zara hizketan eta pixkanaka sumatuko duzu mintzapraktikaren efektua, izan ere, esperientziak erakutsi digu hizkuntza bat bidelagunekin batera ikasten bada, orduan indartzen dela haren erabilera. Kalean ere imajinatzen ez zenuen hamaika pertsonekin hasiko zara euskaraz hitz egiten".
Astean ordubetez euskara praktikatu gura duten pertsonakaz biltzea da Bidelagunaren egitekoa. Hala, Uribe Kostan euskaraz aritzeko gune eta uneak sortzea da helburua, euskarazko harreman berriak sortuz.
Arduradunen berbetan, bidelaguna izatearen onurak "oso ugariak" dira:
- Taldekideei euskara praktikatzeko aukera eskaintzea..
- Euskaraz aritzeko gaitasunak eskuratzen laguntzea.
- Euskal komunitatean murgiltzeko bidea zabaltzea.
- Uribe Kostako Euskal hiztunen kopurua handitzeko alea jartzea.
- Eskualdeko euskararen normalizazio prozesuan eragile aktiboa izatea.
Interesa dutenek hurrengo estekan eman ahal izango dute izena: labur.eus/ukberbalaguna.
Mintzapraktika egitasmoetan bidelagun gisa izena emateko aukera eta informazioa herri edo eskualdeko euskara elkartean, euskaltegian, Udalean edo www.mintzalaguna.eus gunean dago eskura.