Zalantza horri heltzeko, Euskaltzaindiaren 39. araua hartuko dugu ("Zenbait aditzen erregimena"). Laburbilduz, hauxe dio: ‘itxoin’ eta ‘itxaron’ aditzek NORK-NORI eskatzen dute objektua dutenean. "Mireni itxoin zioten eguerdiraino". Eta objekturik gabe daudenean NOR-NORK behar dute: "Egongelan itxoin dute goiz osoan". Hortaz, "hemen itxarongo dizut" litzateke zuzena. Hala ere, kontuan hartu behar dugu Euskaltzaindiak aldatu egin zuela araua, eta honakoa jarri:
Itxaron. ‘Dio’ aditza da objektua biziduna denean. "Mireni itxaron diogu luzaz". "Atarian itxarongo dizut". Gainerakoetan, ‘du’ aditza da. "Atertu arte itxaron zuten".
Horixe da nagusitzen ari den joera, bizidunen eta gainerakoen artean desberdintzea. Bestalde, Euskaltzaindiaren arau horrek beste bi aditz biltzen ditu (beste batzuen artean), zalantzagarriak izaten jarraitzen dutenak: ‘deitu’ eta ‘lagundu’.
Deitu. Gaur arte dirauen tradizioari jarraituz, Iparraldean ‘deitu’ aditzaren erregimena NOR-NORK izan da eta Hegoaldean, ordea, aditz berarekin NORK-NORI nagusitu da. Horiek horrela, euskara batuan bi formak onartzen dira: "Mikeli deitu diogu", "Mikel deitu dugu".
Lagundu. Aurrekoarekin gertatzen den antzera, euskalkien arabera aldatu egiten da erregimena. Iparraldean, XVII. mendera arte NORK-NORI erabili izan da, baina geroztik NOR-NORK besterik ez. Hegoaldean, aldiz, NORK-NORI da nagusi. Ondorioz, euskara batuan bi formak dira onartzekoak: "Mikeli lagundu diote", "Mikel lagundu dute".
Badaude zenbait aditz zalantzarik sortzen ez dutenak, baina erabilera okerra dutenak; eta nahiko hedatuta daudenak, gainera. Adibidez: "dantzatu dut" ala "dantzatu naiz"? Bada, arauak dio "dantzatu naiz" dela forma zuzena.
Dena dela, badaude zenbait aditz zalantzarik sortzen ez dutenak, baina erabilera okerra dutenak; eta nahiko hedatuta daudenak, gainera. Adibidez: "dantzatu dut" ala "dantzatu naiz"? Bada, arauak dio "dantzatu naiz" dela forma zuzena.
Aditz bakoitza zer sailetakoa den Euskaltzaindiaren Hiztegiak diosku (etiketa hauek erabiltzen ditu: ‘da’ → NOR sailekoa; ‘zait’ → NOR-NORI sailekoa; ‘du’ → NOR-NORK sailekoa; eta ‘dio’ → NOR-NORI-NORK sailekoa). Bertan kontsultatuta hauxe aurkituko dugu:
Dantzatu, dantza/dantzatu, dantzatzen da/du. Adibidez: "Arratsalde osoan dantzatu naiz" (ez *dantzatu dut); "Aurreskua dantzatu dut; makila dantzatu dut".
Beraz, objektu zuzenik egon ezean, "dantzatu naiz" da forma zuzena. Areago: erreparatu nola nabarmentzen duen "dantzatu dut" forma EZ dela zuzena.
‘Dantzatu’ aditza, zer esanik ez, aditz eratorria da: ‘dantza’ izenaren gainean sortu zen. Jakina, aditz horrekin batera beste hauek ere erabil daitezke: ‘dantza egin’ eta ‘dantzan egin’, biak NOR-NORK sailekoak, eta bizi-bizirik daudenak (batez ere, mendebaldeko euskaran).
Hala ere, ez da ‘dantzatu’ aditzarekin bakarrik gertatzen orain arte esandakoa: berdin-berdin jokatu behar da ‘jolastu’, ‘borrokatu’, ‘mintzatu’... aditzekin.
Jolastu, jolas/jolastu, jolasten da. Askori bitxia egiten zaio ‘jolastu’ aditza NOR sailekoa izatea, seguruenik gehienetan ‘jokatu’ aditzarekin konparatzen dutelako. Baina ‘dantzatu’ aditzarekin gertatzen den gauza bera da. Gainera, euskal hiztun askok eta askok ez dute ‘jolastu’ erabiltzen: askoz ere arruntagoak egiten zaizkie forma hauek: ‘jolasean’ (ari izan, ibili…): "Ez natzaizu jolasean ari: serio-serio nabilkizu"… ‘Jolas egin/jolasean egin’: "Nire amak kontatzen du, irakurtzeko hain obsesio handia neukala, ezen irakurgai guztiak kendu zizkidatela jolas egin nezan".
Borrokatu, borroka/borrokatu, borrokatzen da. ‘Da’ erregimenekoa. "Bizi direnak borrokatzen dira. Askatasunaren alde borrokatzen ziren". Bada ‘du’ aditza ere (eskas ageri da literatur tradizioan), eta orduan "menderatu" adiera du. "Ba omen zuen txakur indartsu bat otsoak ere borrokatzen zituena".
Mintzatu, mintza, mintzatzen da. ‘Da’ aditza da estandarrean. "Ez ginen horretaz bakarrik mintzatu. Euskaraz ongi mintzatzen dira".