Hala ere, jai horrek sustrai sakonak ditu Euskal Herrian. Oso bertako ohitura da arimen gaua edo gau beltza mozorroz, beldurrez eta kalabazez ospatzea, Europako hainbat herrialdetan egiten den bezala. Jatorrizko ospakizuna, gure aspaldiko Halloween berreskuratu nahian, pausoak emateari ekin diote Euskal Herriko hainbat lekutan, gure eskualdean ere bai. Duela 50 urtera arte, gutxi gorabehera, oso ohikoa zen umeak, kalabazak erabilita, aurpegia estalita bihurrikeriak egiten ibiltzea Domu Santu bezperan.
Baina, zerk bultzatzen gaitu lehengo ohitura batzuk berrartzera, eta beste batzuk, aldiz, albo batera uztera? Ameriketako Estatu Batuetatik jaso dugun Halloweenek erasota sentitu gara. Guk, orain dela mende erdi baztertu genuen ohitura, eta Disney mozorroek, trick-or-treat esamoldeak... ordezkatzeko arriskua egoteak esnarazi gaitu, eta gureari eusteko beharrean aurkitu gara. Gure izana egiten duten hizkuntzak, musikak, ohiturek eta jantziek batzen gaituzte, saretzen gaituzte, eta sare horren barruan babestuta sentitzen gara.
Beste hainbatetan legez (Korrika, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintzak, ikastolen jaiak...), elkartzen gaituen zerbaiten alde agertu gara oraingo honetan ere. Eskualdeko herrietan, ikastetxeetan, elkarteetan arimen gaua berreskuratzeko hamaika eskaintza egin digute herri-eragileek, administrazioen laguntzaz. Datozen urteetan, euskal ohitura zahar honen oihartzuna handitzeko saiakerak egiten jarraitu beharko dugu, gurera bueltatu nahi badugu, behintzat.