Bidelagunak

Erabiltzailearen aurpegia Bea Sever Egaña 2019ko aza. 11a, 17:01

Transexualitatearen gaiari politika, filosofia eta halako diziplinetatik heldu izan zaio, bai eta ekarpen interesgarriak egin ere. Baina teoriak bizipenekin talka egiten duenean, teoria aldatzea baino ez dago. Adingabe transexualen familiek haurren heziketan bizi izan ditugun bizipenekin bat ez datoz ideia asko.

Bide guztiak probatu eta gero argi dugu direnak izateko bide horretan bidelagunak izatea dela familien egitekoa, pauso bat atzerago beti, gure beste seme-alabekin bezalaxe. Ezberdintasun garrantzitsu batekin: oztopatuz gero, euren bizitza arriskuan jartzen dugula (% 42ko suizidio-saiakera tasa onartuak izan ez diren pertsona transexualen artean vs euren berdinen ongizate maila berdintsuak onartutakoen artean).

Adingabe transexualen familien artean askotariko familiak gaude, ideologia politikoan, maila ekonomikoan, kulturalean eta beste edozein arlotan. Hortaz, ez dugu iritzi bakarra gure seme-alabei buruz. Batek hormonatzea eta ebakuntzak egitea nahiko luke, beste batek ezer ez egitea; batek aldarrikatu nahiko luke, beste batek inork ez jakitea… Baina gauza batean ados gaude, euren erabakiak errespetatu eta horietan bidelagunak izatea egokitu zaigula.

Badakigu euren gorputzak ez direla okerrak, badakigu gizon/emakume eraikitako kontzeptuak direla, badakigu beste testuinguru batean ez zutela gatazkarik izango. Baina badakigu ere esan diegun ezerk ez duela balio izan benetan zirena aldatzeko. Badakigu sentitzen dutenaren arabera bizitzeak zoriontsu egin dituela. Orain eta hemen bizi gara eta eurekin bizi gara. Negar egiten ikusi ditugu ezin izan dutenean IZAN eta barre egiten ikusi ditugu IZATEN utzi ditugunean. Eta berdin digu euren burmuina den ala ez. Berdin digu gizonak ala emakumeak diren. Zoriontsu izatea baino ez dugu nahi. Horregatik gara bidelagunak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun