Azaroaren 16an hitzordu garrantzitsua dugu HIRUKAzaleok

HIRUKA 2019ko aza. 12a, 11:48

“Guretzat hil ala bizikoa izango den urteari hasiera emango diogu”, esan genuen urtarrilean, komunikazio-proiektu honen alde egin genuen ekitaldi baten atarian. Gutxika agortuz doakigu urte hau, eta berriro ere HIRUKAzaleak elkartzeko momentua ailegatu da: azaroaren 16an, HIRUKA Eguna.

Orain dela urtebete egoera latzean zegoen HIRUKA, eta erabaki latzak hartu genituen aurrera egin ahal izateko, ondo jakinda 2019. urteak zekarkigunaren araberakoa izango zela gure etorkizuna. Ia urte bat geroago, “aizue, hemen gaude” esateko moduan dago proiektu hau, eta egokia iruditu zaigu haren parte garen guztion bizipenak elkarregaz partekatzeko eta, bide batez, denok batera egun ederra igarotzeko hitzordu bat ipintzea.

Azaroaren 16an egingo dugu HIRUKA Eguna, Algortan. San Nikolas plazan batuko gara eguerdian, eta kalez kale ibiliko gara bertsolariek eta trikitilariek lagunduta; gutxika, Azebarri Kultur Elkartera hurbildu eta hantxe, elkarren berri eman eta argazki batzuk egin ostean, bazkaria egingo dugu, 15:00etan hasita. Baina erne, denentzako lekurik ez da egongo eta! Bazkarian izena emateko, publi@hiruka.eus posta elektronikoko helbidera idatzi, 94 491 13 37 zenbakira deitu (bulegoko ordutegian) edo 688 693 195era WhatsApp mezu bat bidal dezakezu, izen-abizenak eta zenbatentzako txartelak gura dituzun adieraziz. Bai, bai, badakigu, menua zein izango den interesatzen zaizula zuri... Bada, arrastiko 15:00ak aldera, eskualdeko eta sasoiko produktuak oinarri hartuta, Uribe Kostako Agroasanbladari esker entsalada goxo bategaz emango diogu hasiera otorduari. Ondoren, behin gosea deituta dagoela, inguruko sukaldaririk onenek, edo behintzat gogotsuenek, hurbileko produktuakaz landutako sukalkiaz gozatzeko parada izango dugu Algortako Azebarri kultur gunera hurbiltzera animatuko garenok. Bazkari eder horri amaiera borobila emateko, euskal pastela izango dugu gozagai. Zelan ez! Ardorik eta sagardorik ez da faltako egun honetan, biziraupen honetan bada ere, zer edo zer ospatzeko tarterik ez baita faltako. Baina, HIRUKA Eguna bazkaria izango da bakarrik? Ez! Aurretik esan legez, goizean helduko diogu ospakizunari!

Egun osoko ospakizuna

Esan bezala, goizean goiz helduko diogu HIRUKA Egunari; bueno... lasai, ez baikara horren goiz zuen eske egongo! Eguerdiko 12:30ean elkartuko gara aurrenekoz, Algortako San Nikolas plazan. Bertan, trikitilariak eta bertsolariak lagunduta, zintzurrak bustitzeko triki-bertso-poteoa abiatuko dugu, apurka-apurka Euskal Herria kalean lekututa dagoen Azebarri Kultur Elkarteak duen txokora arte. Bertan, azkenengo bertsoak kantatu ondoren, mahaietan eseri eta bazkari goxo batez tripak aseko ditugu. Gogoratu, aldez aurretik izena eman beharra dagoela, leku mugatua dago eta!

Bazkalostean, 17:00ak aldera (behin honaino ailegatuta ez dugu konpromisorik hartzen ordutegiak zehatz errespetatzeko) bingo musikatua egingo dugu bazkaltzera gerturatu eta gerora hurbildu gura duten guztiakaz, eta ondoren (18:30ean, demagun) Josu eta Unai bikotearen kantaldia hasiko da. Euskarazko kantu klasikoak eta ez hain klasikoak, guztiz ezagunak eta batere ezagun ez direnak, erritmo bizikoak eta apaltxoagoak, onak eta hobeak... gorputzak tregoa eskatzen duen arte. Kantaldirako sarrera doakoa izango da, beraz, aurreko ekitaldietara hurbiltzerik ez baduzu izan, lasai! Honakora gerturatu ahal izango duzu, esan bezala, 18:30etik aurrera, gutxi gorabehera.

Pentsa euskaraz, prentsa euskaraz

Horixe gure proposamena HIRUKAzale denentzat. Urte askoko tradizioaren oinordekoa da proiektu hau, hogei urte baino gehiagokoa; Uribe Kostak merezi eta behar du euskarazko informazioa, kalitatezkoa, independentea eta kritikoa, eta horretarako ezinbestekoa da denon bultzada. Euskaraz pentsatu gura baduzu, euskarazko prentsa gura baduzu, gorde data: azaroak 16, HIRUKA Eguna, 12:30etik aurrera.

HIRUKA Gaua

Ikusiko zenutenez, eguneko egitaraua antolatu dugu azaroaren 16rako, beraz, gauerako ez dago ezer aurreikusita... ala bai? Bada, 2020an HIRUKA Gaua jaialdia egingo dugu, gaueko parranda egiteko. Laster argibide gehiago! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun