ZInez diot: 'La Trinchera infinita'

Beldurraren zuloan sartuta

Izaskun Rodriguez 2019ko aza. 13a, 10:41

Moriarti ekoiztetxearen ibilbide emankorrari jarraiki, Jose Mari Goenagak, Jon Garañok eta Aitor Arregik osatutako hirukoteak film ausarta egin du, urriaren 31tik zinema-aretoetan ikus daitekeena.        

Ez da ohikoa film baten zuzendaritzaren ardura hiru pertsonak hartzea. Beharrezkoa da %90ean bat etortzea, lankide bihurtutako lagunekin gertatzen den bezala: Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi.

Ez da ohikoa Donostiako Nazioarteko Zinemaldian sari gehien jaso dutenek gipuzkoar peto-peto hauek izatea, kritika eta ikuslegoaren onespenarekin gainera.

Ezohikoa izan zen Euskal Herrian ekoiztutako Handia filmak hamar Goya sari ekartzea etxera, eta ezohikoa izan zen euskaraz filmatutako istorio bat Oscarretarako hautagai izendatzea; Loreak filmak lortu zuen ohorea. Mirestekoa da Moriarti ekoiztetxekoen ezohikotasun hori, ausardiarekin eta talentuarekin lotuta doana dudarik gabe.

Beren ibilbideari jarraituz gordina eta sakona da ere azken lana, La trinchera infinita. Atalka kontatzen da 1936 eta 1969 bitartean Hilario eta Rosa senar-emazteen istorioa, Andaluziako herri txiro batean kokatuta. Lehenengo minututik eta erritmo handiz, gerra zibilean "galtzaileen" aldean egoteak zer dakarren sentitzen dugu. Gordintasuna da filmaren hasieran erakusten dena, eta horren ondorioz hezurretaraino sartzen den beldurra. Horrek bultzatzen du gizonezko protagonista bizitza etxean ezkutatuta ematera, eta emaztearen etorkizuna baldintzatzera, ia itotzeraino. Aurrera egiten uzten ez digun beldurra, bizitzako hainbat momentutan edozeinek senti dezakeena da filmaren ildo nagusia. Arazoen aurrean sendo aurrera egiten duen amodioa eta lotura dira beste gaia. 

Argi ikusi da azken urteetan Antonio de la Torre Estatuan dagoen antzezlerik interesgarrienetako bat dela. Hilario, gogoan geratzen den pertsonaia osatu du honakoan ere. Ustekabe atsegina Belén Cuestaren lanak ekartzen du, zuzendariek egindako apustu zuhurra. 

Javier Agirrek sinatutako edozein lanetan bezala kameraren begiradak, argitasunak, filmean murgiltzera laguntzen gaitu, berezko unibertsoa sortuz. Erritmoak arnasarik gabe eta minduta uzten gaitu hasieran, eta deseroso sentiarazten gaitu amaigabeko giltzapean. Soinuak ere aipamen berezia merezi du, zulo batetik entzutea zer den ulertzen lagundu eta efektu dramatikoa areagotzen baitu.

Guda ostean satorrak bezala ezkutatuta bizitzera behartuta egon zirenei egindako omenaldiaz gain, beste zerbait agertzen digu filmak: beldurraren aurrean izoztuta geratzen garenean, zulo eroso batean jarraitzearen edo erronkei aurre eginez bizitzara irtetearen arteko erabakia. 

Zuzendariak: Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga 
Gidoilariak: Luiso Berdejo eta Jose Mari Goenaga
Antzezleak: Antonio de la Torre, Belén Cuesta, José Manuel Poga, Vicente Vergara...
Iraupena: 147 min
Zinema-aretoetan ikusbide

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun