Zientzia etxeko atarian

Bakteriofilia: bakterioak maitatuko ditugun aroa

Riki Mutuberria Zabala 2019ko aza. 14a, 08:00
Irudian ikus daitekeena bakterioek inguratutako nematodo bat da, Hegoafrikako urre-meategi batean aurkitua, 1,4 kilometroko sakoneran. © GAETAN BORGONIE

Bakterioek ez dute ospe onik. Flemingek istripuz penizilina aurkitu zuenetik, egurra eman diegu etengabe. Desinfektatzaileek eta antibiotikoek inguratzen gaituzte, eta haiengandik espero dugu gure gorputz, etxe eta uztak mikrobioz libre mantentzea. Baina hori aldatzen ari da. Zer dakigu, lehen ez genekienik?

Orain dela urte bat inguru albiste harrigarri baten berri izan genuen: 1.000 zientzialari baino gehiagoko komunitate batek, lurpeko laginak aztertzen hamar urte eman eta gero, bere lanaren emaitzak aurkeztu zituen. Bizitza mikroskopikoa aurkitu zuten lur azpitik hainbat kilometrora, poloetako izotzaren azpian, itsas hondoaren azpiko harkaitz eta sedimentuetan, petrolio-putzuen eta meategien sakonera handieneko zirrikituetan. Kalkulatu dute mikroorganismo horien masa bizirik dauden pertsona guztiena baino ehun aldiz handiagoa dela. 

Bakterioak eta arkeoak (bakterioen antzeko bizidunak) dira mikrobio-ekosistema horren oinarria. Batzuk dinosauroen garaiaren aurretik daude hor. Tenperatura- eta presio-baldintza muturrekoetan bizirauten dute, oxigenorik eta argirik gabe. Mota guztietako inguruneetan bizi dira eta elikagai edo energia-iturri modura sufrea, burdina, petrolioa eta metanoa erabiltzen dute, baita material erradioaktiboak ere. Espezie batzuk gai dira 120 gradu zentigradutik gora bizitzeko, eta elektrizitatea arnasten dute; elektroiak, zehazkiago.

Nahikoa seguru gaude bakterioengandik eta arkeoengandik eboluzionatu dutela Lurreko bizidun guztiek. Gure zelulen parte ere badira. Horietan, mitokondrio izeneko organulu energia-sortzaileak ditugu. Mitokondrioak, jatorrian, bakterioak izan ziren; arkeo-mota batekin lankidetza luze eta emankor baten ostean, animalien zelulak sortu ziren. Ez hori bakarrik; seguruenik, izango zenuen giza mikrobiomaren berri. Ekosistema batean bizi diren mikroorganismoen eta haien arteko elkarrekintzen batura da mikrobioma. Kalkuluen arabera, gure gorputzean gutxienez hamar bakterio dago giza zelula bakoitzeko. Orain dela gutxi egindako zenbait ikerketak agerian utzi dute harreman estua dagoela gure mikrobiomaren eta gure osasunaren artean. Behar bezalako mikrobio-populazioa ez izateak alergiak, hanturak, gaixotasun autoimmune eta metabolikoak, digestio-aparatuko arazoak eta arazo mentalak ere eragin ditzake. Pertsona osasuntsuen mikrobiomek elkarren antza dute, gaixoenek ere bai. Hala sortu da terapia berri bat, gorotz-transplantea. Haren bidez, emaile osasuntsu baten gorotzak, mikrobioak barne, gaixo baten hesteetara transplantatzen dira. Terapia horren emaitzak hain dira onak, honezkero gorozki-bankuak ere existitzen direla. Microviable Therapeutics izeneko startup batek zure kaka «osasungarria» gordetzen du, zuk zeuk edo beste norbaitek behar duen egunerako. Eta ez hori bakarrik. Zenbait azterketaren arabera, asma, alergia eta halako gaixotasunak saihesteko gomendagarria da haurtzaroan mikrobioekin harremanean egotea. Onuragarria da gure seme-alabek mukiak jatea eta lurrean arrastaka ibiltzea.

Lurreko bizidun gehienak mikrobioak dira, eta haien %0,1 ere ez ditugu identifikatu. Izaki txiki-txiki horien potentziala oso handia da. Gynko Biowords enpresa bioteknologikoaren jarduera bakarra da bakterioak mota askotako helburuetarako erabiltzea: kosmetika, nekazaritza, janaria, osasuna. Gaixotasunei aurrea hartzea edo haiek tratatzea, elikagaien zaporea areagotzea, nekazaritzaren ekoizpena edo izurriteekiko erresistentzia handitzea, bakterioen bidez lor daiteke. Mother Dirt startup-ak (dirt hitzak "lurra" esan nahi du, baina zikinkeria ere bai) azalean bizi diren bakterioekin egiten du lan. Desodorante berriek pH-a orekatzen duten eta gure zeluletarako mesedegarriak diren konposatuak sortzen dituzten bakterioak izango dituzte; gainera, usain txarra eragiten duten bakterioak uxatuko dituzte. Beste konpainia bioteknologiko batek, Zbiotics-ek, edari probiotiko bat merkaturatu du, genetikoki eraldatutako bakterio bat duena, gure gorputzetik azetaldehidoa (alkoholaren produktu eratorri bat) ezabatu eta biharamuna prebenitzen duena. Diotenez, funtzionatu egiten du. 

Filiak, grekoz, "maitasuna" esan nahi du. Bakterioenganako ezagutza eta maitasuna gorantz doaz. Bakteriofiliaren aroan sartzen ari gara. Hamar mikrobiologotik bederatzik gomendatu egiten dute, eta nik ere bai. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun