Mankomunitateak azaldu duenez, 2018an bertako udaletan errefusaren edukiontzira (edukiontzi marroi orokorrean) botatakoaren %6-8 bitartean papera edo kartoia izan zen. "Hondakin-mota horiek oso erraz birzikla daitezke etxeetan eta dendetan behar bezala bereizi eta edukiontzi urdinera botaz gero", adierazi dute. Hori dela eta, kontzientziazio-kanpaina egingo dute datozen egunetan.
Alde batetik, saltokiei begirako ekintzak egingo dituzte, mota horretako hondakinen ekoizle handitzat jotzen dira eta. Zehazki, eskutitz bana bidaliko diete eskualdeko 300 komertziori, papera eta kartoia doan batzeko atez ateko zerbitzuan izena eman dezaten. Bestetik, paper eta kartoi ugari erabiltzen dute zenbait establezimenduri aurrez aurreko bisita egingo diete ingurumen-hezitzaileek, zerbitzu hori zertan datzan azaltzeko.
Horrez gainera, biniloetan idatzitako azalpenak itsatsiko dituzte edukiontzi urdinetan, erabiltzaileei argitzeko bertan zer utz daitekeen eta zer ez, eta kartoizko kutxak utzi aurretik tolestu beharra dagoela gogorazteko.
Bestalde, ingurumen-hezitzaileek 15.000 triptiko banatuko dituzte eskuz esku edukiontzien inguruan, horietako bakoitzean zer bota daitekeen azalduz. 2012an helburu horrexegaz argitaratutako liburuxka bat berrargitaratuko dute, izan ere. Beste 4.000 triptiko Uribe Kostako ikastetxeetako ikasleei emango dizkiete, hondakinek bereizi eta birziklatzearen garrantziaz kontzientzia pizteko. Eskolen Agenda 21en parte hartzen duten ikastetxeetan inkesta bat egingo da, etxeetan nahiz ikastetxean bertan birziklatzeari dagokionez dauden gabeziak identifikatzeko.