Aipamen berezia jaso du HIRUKAk Tokikom Sarietan

HIRUKA 2019ko aza. 18a, 09:36
Aipamen berezia jaso du HIRUKAk argazki-erreportaje batengatik.

Tokikom 2019 Sarietan Aipamen Berezia egin diote epaimahaikideek HIRUKAri Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina? argazki-erreportajeagatik.

Joan den azaroaren 15ean banatuko zituzten Basaurin azken urtean toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzen dituzten TOKIKOM Sariak. "Toki komunikabide txikietan kazetaritza lan bikainak egiten dira sarritan, baina tokiko izaerak lan horien zabalkundea mugatzen du", antolatzaileek azaldu zutenez. Hala, sari horiekaz, toki komunikabideon lana ezagutarazi eta haren kalitatea aldarrikatu gura izan dute. Horretarako, hiru sari banatzen dituzte urtero: azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena. Hala ere, aurten, "nabarmentzekoa izan da aurkeztutako lan guztien kalitatea". Hori dela eta, aipamen berezi bi ere egin zituen epaimahaiak: Anboto astekariaren Martxoak 31 azala eta HIRUKA aldizkariaren Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina? argazki-erreportajea. Azken horren harira, "Argazki erreportaje eder honetan oso argi geratzen da irudiak soilik erabilita posible dela istorio osoak kontatzea. Epaimahaiak argazki-erreportajearen kalitatea nabarmendu nahi izan du aipamen honekin, baita toki komunikabideak genero hori sarriago erabiltzera animatu ere", nabarmendu zuen epaimahaiak.

 

HIRUKA: "Uribekostarrok, zuona da saria! Eskerrik asko hirukakideei, langileei, Artefaktori eta eskualdeko hiruka-irakurle denei!". Modu berean, gainerako saridunak eta aipatuak ere goretsi beharrekoak dira: Zorionak Anbotori, Kronikari, Goienari eta Puntuari ere!

Irabazleak:

Kazetaritza sariak emateko epaimahaia Tania Arriaga Azkaratek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatu dute. Hiru epaimahaikideak bat etorri dira aurkeztutako lan denen kalitatea nabarmentzerako orduan, eta azpimarratu dutenez, "maila igotzen doala urtez urte, aukeraketa gero eta zailagoa suertatzen da".

  • AZALIK ONENAREN SARIA Debagoienako Puntua aldizkariarentzat izan da, Antropozenoa izeneko azalagatik. Epaimahaiak nabarmendu du azalaren diseinu minimalista eta arriskatua, oso elementu sinple gutxirekin mezu hunkigarria ematen duena.
  • EDUKIRIK ONENAREN SARIA Urumeako Kronika egunkariarentzat izan da, Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportajeagatik. Artikutzako urtegiaren hustuketa ardatz hartuta, Kronikak erreportaje eredugarria landu du, lehen eskuko informazio ugari eta kazetaritza molde ezberdinak uztartuta, balio dokumental handiko edukia sortuz.
  • IKUS-ENTZUNEZKORIK ONENAREN SARIA Goiena Telebistak jaso du, Debagoiena Eraldatzen bideo sortagatik. Bideo horietan gizartean oro har dauden hainbat arazo eta aldaketari egin die aurre Goiena Telebistak, tokiko perspektibatik abiatuta eta errealizazio aldetik apustu berritzaile eta ausartak eginez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun