San Nikolas plazan hasi genuen jardunaldia, Lurreko taldeko trikitiaren eta ALBEko bertsolarien laguntzagaz. Tabernaz taberna, Beñat Vidal gai-jartzaileak HIRUKAren gainean egindako galderei bertsoz erantzun zieten Oihan Diaz, Maite Sarasola eta Peru Irastortza bertsolari gazteek. Eguraldi petralari zelan edo halan aurre eginez, apurka-apurka jaiaren epizentrora hurbildu zen kalejira: Azebarri Kultur Elkartera.
Eskualdeko produktuakaz egindako bazkari oparoa jan ostean, jolaserako tartea ailegatu zen. Bingo musikatuak arrakasta izan zuen, eta emozioa ere bai sari nagusiaren irabazlea jakiteko unean, bi izan ziren eta! Azkenean, erdibanatu egin zuten Errigoraren otzara berezia. Hortik aurrera, Josu eta Unai kantari-bikoteari ahotsak eta indarrak iraun zieten arte luzatu zen jaia. Eskerrik asko etorri zineten denoi!