Udalerri bien garapen ekonomikorako surfa funtsezkoa dela azpimarratu dute agintari biek. Kirol horrek 35 milioi surflariz osatutako merkatua duela aipatu dute, urtean %10eko hazkundea duena. Hainbat enpresa-mota dabil Sopelak eta Getxok duten hamahiru kilometroko kostaldean: fabrikatzaileak, banatzaileak, dendak, surfari lotutako turismoa jorratzen dutenak...
Azken urteotan udal biak sektoreagaz elkarlan estuan ibili direla nabarmendu dute protokoloa sinatzeko ekitaldian, eta biek batera jardunez gero "arrakastarako aukerak esponentzialki areagotuko direla" ere adierazi dute. Daborduko bertan lan egiten duten enpresei bultzada emateaz gain, kanpokoak erakartzea eta berriak sortzen laguntzea da helburuetako bat. Zehazki, sektoreko eragileakaz batera hamabost ekimen garatzeko asmoa dutela iragarri dute udal bietako ordezkariek: enpresentzako prestakuntza-programa, hondartzetako jarduerak, udalerri bakoitzean egiten diren ekitaldi esanguratsuenetan lankidetzan jardutea...
Ildo horretan, Getxon eta Sopelan maila denetako surflarientzat amua diren 23 olatu erregistratuta daudela aipatu dute, eta egiten diren nazioarteko ekimenak azpimarratu dituzte, Surf Businnes Meeting eta Getxoko olatu handien ekitaldia, esate baterako.