Merkataritza txikia eta euskarazko kontsumoa bultzatzeko beharra ikusi dute hainbat udalerrik, eta merkatariakaz egiten den ohiko lanketaz gainera, bezeroak ere inplikatzeko kanpaina bat egin dute: KAISHOP.
Gaur egun, azalera handietako zentro eta frankiziek konpetentzia handiegia egiten diete udalerrietako merkatari txikiei. Salneurriez eta eskaintza handiez harago joan gura du kanpaina horrek, aspalditik bertoko merkatariek garatzen duten “herriak bizirik mantentzeko” saiakerari bultzada bat emanez, dendek ematen duten hurbiltasun, konfiantza eta aholkularitza agerian uzteko. Azalera handiko merkatariek erabiltzen duten Black Fridaya ate joka dugun honetan, udalek kontzientziak astindu gura izan dute. Horretarako, KAISHOPek euskarazko hainbat spot erabili ditu; horietan, bezeroek, inolako gidoirik gabe, egungo puntako teknologiari aurre egiten dioten. Umorea bide, erosketa birtualak egiteko Alexa, Siri edo OK Google moduko tramankuluen hutsuneak agerian uzten dira.
Bideoaren grabaketan parte hartu duten bost boluntarioen artean Gaizka Garitano Athletic Clubeko entrenatzailea ikus daiteke.