Atopia RPG

“Irakurtzeko liburua ere bada rol-joko hau; denetarik du”

Iker Rincon Moreno 2019ko abe. 3a, 09:59
Pertsonaien ekintzek botatako dadoen eta horien abilezien arabera izango dute eragina.

Euskarazko rol-joko baten proposamenak irabazi zuen iaz Durangoko Azokako Sormen Beka. Urtebete igaro da eta daborduko dena dago prest Euskal Herri alternatibo bat aurkezten duen Atopia RPG lanaz gozatzeko. Algortan bizi diren Xabier Landabideak eta Eneko Olazabalek parte hartu dute proiektua osatzeko taldean.

Berrogeita bost urte igaro dira munduan lehenengo rol-jokoa aurkeztu zenetik: Dungeons and dragons. Ingelesezko lana izan zen hura, eta ordutik hona ez da sekula euskarazko mota horretako jokorik egon, Eneko Mazok euskaratutako Antzinako Eskola izenekoa kenduta. Gabezia horretatik abiatuta, Atopia RPG rol-jokoaren proiektua aurkeztu zuten hainbat lagunek 2018ko Durangoko Azokaren Sormen Bekara, baita irabazi ere. “Horixe izan zen behar genuen aitzakia proiektu hau aurrera eramateko”, azaldu dute Xabier Landabidea eta Eneko Olazabal proiektuaren sustatzaileetako bik.

Urtebeteko epea eta 15.000 euroko beka izan du lantaldeak euskarazko lehenengo rol-joko hori egikaritzeko, eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dute. Behar denak asetzeko, askotariko lantalde bat osatu behar izan dute, ilustratzaileak, idazleak eta kontalariak harremanetan jarrita. Landabideak eta Olazabalek aitortu dutenez, lan gogorra bezain dibertigarria izan da hori, Drive karpeta eta Telegram kanal bana erabilita soilik koordinatu baitute den-dena: “Hogei eta piko pertsona ibili gara lanean; batzuek, gainera, ez dugu oraindik elkar ezagutzen. Baina denak funtzionatu du; bakoitzak bere ardurak hartzen zituen eta apurka dena gorpuztuz joan da”. Hala ere, azpimarratu gura izan dute ez lioketela “inori” gomendatuko lan-molde “desantolatu” horri jarraitzea, “ziur gaude lantalde honetan bakarrik funtzionatuko lukeela horrek”.

Atopia RPG rol-joko bat da eta, aldi berean, liburu bat. Horretan, askotariko istorioak, ipuinak eta ilustrazioak aurki daitezke, den-denak Euskal Herri alternatibo batean oinarrituta. Umorea ere ez da falta, gaur egungo errealitateari askotariko keinuak egin baitizkiote arlo ugaritan, “erreferentzia kulturalez josita dago dena eta umorea horri lotuta dago”.

Jokoan bost fakzio daude, bakoitzak bere arketipoak ditu eta, ondorioz, pertsonaiek abilezia ezberdinak izango dituzte. Jokalariek eurenak osatu beharko dituzte horietan oinarrituta maizterrak proposatutako istorioari aurre egin ahal izateko. “Rol-jokoa interpretazio-joko bat da, azken finean. Fikziozko istorio bat kontatzeko modu bat da, lankidetzan. Kontakizun horien amaierak ez daude definituta, eta jokalarien ekintzek eta inprobisazioek eragingo dute emaitza horretan”, azaldu dute. Momentuz, Atopia RPG jokoa 33 euroan egongo da salgai Durangoko Azokan, baita Algortako Etxeandia garagardotegian ere. 

Durangoko Azokaren Sormen Beka irabazi zuten jokoa sortzeko:

Jokoan enROLatzeko bost fakzio

STMA ordenaren eta sistemaren zaindariak dira; @gentzia fakziorik misteriosoena da, dena dakite eta prest daude informazioa prezio baten truke emateko; Lur4a konspiratzaile sutsuak dira, inork ez ditu serio hartzen, baina gehiegitan dute arrazoia; Internazional ikusezina anarkista oteizarrek osatzen dute, ordena disolbatu, desordena erein eta kaosa sortu gura dute; azkenik, Marxialistak, arte martzialetan adituak diren marxista-leninistek osatzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun