Abenduan bete-betean murgilduta gaudela, udagoienak zuhaitz denak biluzik utzi ditu eta eguraldi hotzak neguari ondo-etorria egiteko dena prest utzi du. Askotariko koloredun argiak piztu dituzte han eta hemen, neguko iluntasunean auzo eta herrietako kaleak alaitzeko asmoz. Gabonak hurbil daude, eta horregaz batera, 2020 urtea ere bai. Hala, apurka-apurka entzuten hasi dira, gertu zein urrun, bolborazko lehergailuen eztanda hotsak. Umeek, gazteek eta helduek askotariko petardoak erabiltzen dituzte txinpart eta garrez osatutako egiazko su artifizial horietaz gozatzeko. Izan ere, ohitura da bolanderak, suzko erroberak, txapliguak eta abarreko petardoak jaurtitzea garaiotan, Gabon Zaharrean urte berriari hasiera emateko batez ere.
Suziriak eta su artifizialak jaurtitzearen usadioa Txinako Inperiotik datorkigu; eurak izan ziren bolbora beltza erabiltzen lehenak, eta orain dela 1.200 urte hasi ziren lehergailuak erabilita zeru iluna koloreztatzen, izpiritu txarrak uxatzeko eta zortea eta zoriontasuna erakartzeko helburuagaz. Gurean, aldiz, musulmanen eskutik heldu zitzaigun teknologia hori, Iberiar penintsulan zeuden garaian. Ordutik, bolborari lotutako ohitura ludikoak ezarri dira hainbat lekutan, Valentzian batez ere. Gurean ere ospakizun askotan egon ohi da presente piroteknia, hala nola herriko jaietan zein Gabonetan.
Txapligu baten eztandak 65 eta 120 dezibelio (dB) arteko zarata eragin dezake. Horixe da Europar Batasunak ezarri duen muga mota horretako artefaktuetan, bertan ezartzen baita minaren muga.
Esan bezala, ospakizunetara lotuta egon ohi dira suziriak eta petardoak; horiek sortzen dituzten argiek, soinuek, distirek eta txinpartek efektu hipnotikoa eragiten digute pertsona askori. Hala ere, aldi berean, arriskutsuak izan daitezke horiek manipulatzen dituztenentzat (anputazioak, erredurak...) eta izugarrizko beldurra eragiten diete beste hainbati. Mota horretako leherketak eta eztandak daudenean gehien sufritzen duten pertsonak autismoa dutenak edo epilepsia pairatzen dutenak izan ohi dira; askotan urduritasun-krisiak izaten dituzte zaratarekiko duten hipersentsibilitateagatik. Hala ere, denen artean gehien sufritzen duten izakiak animaliak dira, ez direlako gai mota horietako egoerak aurreikusteko, eta ez dutelako ulertzen zer ari den gertatzen.
Autismoa eta piroteknia
Adituen arabera, 100 umetik batek autismoa du, eta kasu askotan, egoera horrek eragiten die zaratarekiko hipersentsibilitate bat edukitzea. Horri lotuta, neska-mutil horiei izu-ikara handia eragin diezaiekete petardoek eta su artifizialek; ondorioz, antsietatea eta estresa izan dezakete. Are gehiago, estimulu horiek, kasu batzuetan, min fisikoa eragin dezakete, baita hainbat sentimendu ere, hala nola ezinegona eta beldurra. Neuroerrehabilitazio Zerbitzu Pediatrikoak hainbat gomendio ematen ditu ospakizunotako eztandei aurre egiteko: estimulu auditiboak murrizteko tapoiak edo entzungailuak erabiltzea kaletik goazela; barruko arropa estuakaz janztea neska-mutilak gorputzean presio apurra eragiteko eta estresa murrizteko; umeari jakinaraztea zer gertatzen ari den (ospakizunak direla) eta leherketekiko kontaktu bisuala ekiditea; ez behartzea zaratak dauden lekuetara joatera; eta, azkenik, aurreikus daitezkeen egoera horiei aurre egiten ikastea desentsibilizazioa lantzeko eta zarata horiekiko tolerantzia handitzeko.
Adituen arabera, 100 umetik batek autismoa du, eta kasu askotan, egoera horrek eragiten die zaratarekiko hipersentsibilitate bat edukitzea.
Animalien fobiak
Bolanderak eta txapliguen eztandek eraginda gehien sufritzen dutenak, duda barik, animaliak dira. Izan ere, leherketa horiek gizakiak baino gehiago izutzen dituzte animaliak, ez dutelako ulertzen zer dela eta gertatu den eztanda hori, ezta nondik datorren ere. Patricia Martinez Goikoetxeak, Algorta albaitaritza-zentroko adituak azpimarratu duenez, su artifizialak dauden gauetan, askotan, txoriak topa daitezke lurrean, hilda. Izan ere, bat-bateko zarata handi horiek eragin handia dute hegaztiengan; erritmo kardiakoa asko igotzen zaie eta sarritan bihotzekoak jota hil egiten dira, izuagatik. Gauza bera ematen da txakurrengan: beldurra dela eta ihes egiten saiatzen dira, leku seguruago baten bila; ondorioz, galdu edo auto batek harrapatuta hil daitezke, noraezean dabiltzalako nora joan jakin barik.
Albaitariak dioenez, normala da animaliek beldurra izatea zarata handiei eta eztandei: “Beldurra ona da, datorrenari aurre egiteko mekanismo bat da, besterik ez. Hala ere, kontuz ibili behar gara jokabide horrekin, fobia bilaka ez dadin”. Katuen kasuan, euren joera da izutzen direnean ihes egin eta etxeko edozein bazterretan ezkutatzea. Haien entzumena txakurrena baino askoz garatuagoa da, eta edozein zarata handik eragin diezaieke. “Litekeena da katuek beldur handiagoa izatea txakurrek baino; hala ere, etxean egon ohi direnez beti, edozein txokotan ezkutatzen dira eta lasai daudenean agertzen dira berriro, dena konpondu balitz bezala. Katuak sintomak ezkutatzen ditu; txakurrak, aldiz, den-dena azaleratzen du”.
Albaitariak dioenez, gehiago jakin daiteke txakurren jokabideaz bestelako animaliakaz alderatuta, horiek gehiago ikertu direlako. Hala, dioskunez, txakurrek mekanismo bi jar ditzakete martxan beldurraren aurrean: paralizatuta geldi daitezke, izualdiaren eraginez mugi ezinik; edo ihes egin dezakete. Horrez gainera, hatsanka edo arnasestuka eta dardarka has daitezke, baita listuaren jarioa areagotu eta takikardiak izan ere. “Azken sintoma horren harira, askotan entzuten da txakurren bat edo beste hil dela bihotzekoak jota eztanda baten ondoren. Hala ere, esan beharra dago hori ez dela ohikoena; halakoak gerta daitezke, bai, baina animaliaren bihotza gaixo edo ahul dagoenean bakarrik, guri, gizon-emakumeoi gerta dakiguken bezalaxe. Halakoetan bai, txakurrak hil daitezke izuaren eraginez; bestela ez da ohikoena”, azaldu du Algortako albaitariak.
“Hainbat urtez erabili dugun 'Gabon Zaharreko' pastillaren harira, etologiak demostratu du horrek animaliak paralizatzen dituela eta kontziente jarraitzen dutela, beldurtuta. Ez erabili horiek inoiz”
Beldurra ezin da hezi
Esan bezala, “normala” da animaliek beldurra izatea bolanderen zaratei, baita trumoi-erasoei ere; txakurren kasuan, gainera, ekaitzek dakartzaten aldaketa atmosferikoak ere detektatzeko gai dira. Halakoetan ezinezkoa zaigu datorrenari aurrea hartzea, animaliok guk baino lehenago dakitelako ekaitza datorrela; petardoen kasuan, aldiz, askotan aurreikus dezakegu zein garaitan eman daitekeen eztanda gehien, Gabonetan, kasu. Horrelakoetan animaliak prestatu ditzakegu datorrenari ahalik eta modurik onenean eta lasaienean aurre egiteko, diosku albaitariak. Hala ere, argi izan behar duguna da beldurra ezin dugula hezi, emozio bat delako, defentsarako erreminta bat: “Beldurra emozio-erantzun bat d, erasoaldi edo estimulu zakar baten aurrean agertzen dena. Arriskutsua izan daitekeen egoera bati aurre egiteko mekanismoa da beldurra. Hau da, erantzun normala eta moldagarria da aldaketa fisiologikoak eta jokaerazkoak eragin ditzakeena. Hala ere, beldurra egokitzapen gisa jardun dadin, animalien segurtasunerako benetan arriskutsuak izan daitezkeen egoeretan soilik agertu beharko litzateke beldurra. Izualdia proportzioz kanpokoa denean (iraupenari zein intentsitateari dagokionez), orduan fobiaz berba egiten ari gara. Erantzun fobikoa ez da normala, ezta egokitzapenerakoa ere”.
Beldurra normala da, eta inoiz ere ez diogu errieta egin behar animaliari izututa egoteagatik, bestela sentsazio hori areagotuko genioke; hala ere, badaude kasu batzuk non animaliek ez dieten beldurrik eztanda-hotsei. Izan ere, Martinezek azaltzen duenez, gauza askok baldintza dezakete animaliaren jokabidea, hala nola horren sozializazioa, genetika eta izandako esperientzia negatiboak. “Berbarako, genetikoki border collie txakurrak beldurtiak izan ohi dira, oso urduriak; hala ere, txiki-txikitatik egoera batekiko sozializazioa egiten badugu, azkenean ohitu egingo dira eta ez diote horri beldurrik izango”. Sozializazioaren beharra nabarmendu du albaitariak, “egoera baten aurrean animaliek beldur hori kudeatzen ez dakitenean hurrengoan erantzuna askoz ere okerragoa izan daitekeelako”.
“Beldurra izatea normala da; inoiz ere ez diogu errietarik egin behar animaliari izututa egoteagatik, bestela sentsazio hori areagotuko diogu”
Tratamendurako estrategiak
Beldurra fobia bilaka ez dadin, eta animaliak (txakurrak eta katuak, batez ere) ahalik eta erosoen egon daitezen, Patricia Martinez albaitariak estrategia bi gomendatu ditu egunotarako: terapia paliatiboa eta terapia osagarria. Bien artean, lehenengoari jarraitzea gomendatu du adituak, epe laburrean eroan daitekeelako aurrera. Kasu honetan, animaliak oraindino beldurrik sentitzen ez duen unean hasi behar dugu terapia, hau da, eztanda-hotsik entzuten ez denean. Berbarako, Gabon Zaharrari begira bagaude, tratamendua aste bi lehenago hasi beharko genuke, gutxi gorabehera.
Lehenengo urratsa animaliari etxean konfort-gune bat prestatzea litzateke, izualdia hasten denean bertan ahalik eta erosoen eta seguruen senti dadin. Era berean, farmakoak erabil daitezkeela azaldu du albaitariak, hala nola antsiolitikoak eta nutrazetikoak. Lehenengoakaz kontuz ibili beharra dagoela diosku adituak, eta aldez aurretik dosiak neurtu behar direla azaldu du. Hala, bien artean nutrazetikoak gomendatzen ditu: “Substantzia naturalak erabilita, amaren feromonak izango balira bezala igortzen dira, animalia baretzeko; lepokoa edo entxufea izan daiteke etxean jartzeko. Modu honetan, estresa txikiagotzen diogu animaliari”. Terapia osasungarriak, aldiz, denbora gehiago behar du; paliatiboaren pauso denak eman beharra dago, baina baita sozializazioa ere, “adibidez, petardoen grabazio bat jar genezake etxean, hainbat saiotan, gero eta ozenago, animalia lasai-lasai dagoela. Hala, apurka-apurka ohitu egingo da zarata horretara”.