Alerta laranjak haizeagatik eta itsasaldeko arriskuagatik kostaldean

Erredakzioa 2019ko abe. 13a, 08:26

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du gaurko eta biharko, haizea dela eta. Hori dela eta, Larrialdiko Udal Plana jarriko dute martxan Getxon, baita Krisi Mahaia deituko dute baita ere, izaera prebentiboagaz.

Alerta laranjaren ordutegiak hurrengoak dira:

  • Barikuan, abenduak 13, itsasaldeko arriskuagatik, kostaldean inpaktuagatik, 04:00etatik 06:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara. Haizeagatik kostaldeko haizeguneetan 00:00etatik 09:00etara.
  • Zapatuan, abenduak 14, itsasaldeko arriskuagatik, kostaldean inpaktuagatik 04:00etatik 07:00etara.

Getxoko Udalak haizeari buruzko prebentzio-neurriak hartuko ditu (garabiak, dorre instalatuak, aldamioak, etab.), eta alertaren egoeraren berri emango die arduradunei. Halaber, Ereagako igogailuak funtzionamenduan etenaldiak izango ditu haizeak gogor jotzen duen uneetan. Hondakinak biltzeko edukiontzien egonkortasuna ere bermatuko da. Bestalde, aurrekoetan bezala, Udalak Portu Zaharreko auzokideen elkarteari egoeraren berri eman dio, eta mezuak bidaliko dizkie arrisku aldeetako (Kirol Portua, Ereagako hondartza eta Portu Zaharra) merkatariei eta ostalariei. Era berean, Udalak Udal Turismo Bulegoa (alertak irauten duen bitartean itxita egongo dena) babesteko neurriak ere hartuko ditu eta lur-zakuak emango dizkie aipatutako guneetako establezimenduei.

Olatu handiengatiko alerta laranjak irauten duen bitartean, arrisku guneetarako bideak zainduko ditu Udaltzaingoak eta, egoeraren arabera, oinezkoentzat eta zirkulazioarentzat itxiko ditu edo murriztuko ditu (Pedro Bilbao estatuatik Portu Zaharrera hondartzaren ondotik doan bidea, Arriluze kairako pasabidea Faroraino, Ereagako igogailutik Portu Zaharrera eta abar). Era berean, Udalak gogoratzen du alertak irauten duen bitartean hondartzetara sartzea debekatuta egongo dela.

Gomendioak haize handirako

  • Ondo itxi behar dira eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
  • Loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak kendu.

Kanpoan baldin bazaude:

  • Ez joan mendira aipatutako ordutegian eta beharreko izatekotan, prebentzio neurriak hartu.
  • Urrundu erlaitz, murru, zuhaitz edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili egiten ari diren etxeen edo kolokan dauden eraikinen aurretik.
  • Aldamio, garabi eta obrako beste elementuak tinkatu.

Bidaiatuz gero:

  • Saiatu errepidez ez bidaiatzen, bestela, kontu handiz jokatu beti.
  • Aurretik, jakinaren gainean egon zer-nolako eguraldia izango den zu zoazen leku horretan edo pasako dituzun lekuetan.

Itsasotik gertu bazabiltza:

  • Urrundu hondartzatik eta haize handiaren eraginez sor daitezkeen marea eta olatu handien kolpea jasotzen duten lekuetatik.
  • Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen eta berrikusi amarrak. Inola ere ez, ez egin uretako kirolik.

Gomendioak kostaldeko inpaktuagatik:

  • Ez bainatu urruneko hondartzetan, behar beste ezagutzen ez dituzunetan edo zaintza eta salbamenduko zerbitzurik ez daukaten hondartzetan.
  • Ezta olatu handiak edo tirain handia dagoen lekuetan ere ez.
  • Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila…).
  • Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
  • Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
  • Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
  • Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen.
  • Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.
  • Itsasora erortzekotan, urrundu olatuak lehertzen diren lekutik, laguntza eskatu eta itxoin erreskatatu arte.
  • Olatuek eramatekotan, lasai egon, eta ez egin igeri korrontearen kontra; kostako korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.

Larrialdiren bat izatekotan, honako telefono zenbaki hauetara deitu behar da: 94 466 02 02 (Udaltzaingoa) eta 112 (SOS DEIAK).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun