Abenduaren 27an ekonomia sozial eraldatzailearen aparrean murgilduko dira Boga garagardo-faktorian

Publierreportajea 2019ko abe. 18a, 10:38

Olatukoop sareagaz duten harremana bitarte, Olatukoop Jaia egingo dute Boga garagardo-fabrikan, Mungian, abenduaren 27an, besteak beste ekonomia sozial eraldatzaileaz eta artisautzazko garagardogintzaz hausnartzeko. Bide batez, aurten sortutako Olatukoop garagardo berria aurkeztuko du EHUren marketin-sari bat eskuratu berri duen Bogak.

Boga Faktoriara bisita gidatua eginez hasiko dute jaia, 19:00etan, eta ordubete geroago mahai-ingurua egingo dute ekonomia sozial eraldatzailearen esparruko proiektuakaz. 21:30ean, berriz, Etxekalte eta Habi taldeen kontzertua izango da. Ez da aukerarik faltako Bogak sortutako Olatukoop garagardoa dastatzeko, "gure katalogotik ateratako kilometro zero pilsen motako edizio mugatua, sarea bera indartzeko baliabide izango dena", azaldu dute. "Momentuz abenduan soilik banatuko da sareko kide diren elkarte eta enpresen eskutik".

Jaian parte jartzeko izena eman beharra dago, info@boga.eus helbidera idatzi edo telefono-zenbaki hauetako batera deituz: 688 871 069  944 062 848. Izen-ematearen prezioa bost eurokoa izango da.

Ez da modu txarra izango 2019ari amaiera emateko, Bogan badute eta aurten zer ospatua. Izan ere, ez da oraindino hilabrte bat igaro EHUren Marketin eta Merkataritza Zuzendaritza Masterreko Graduatuen  Elkarteak ematen duen Pesmes sari bat irabazi zutenetik, mikro-enpresa kategoriako marketin-ekintza onenari dagokiona hain zuzen. Zehazki, euren etiketen estiloaren eta irudiaren aldaketa izan da saritua, bai aldaketaren emaitza bera bai horretara ailegatzeko prozedura. Adierazi dutenez, "Bogaren komunitateko eragile ugarik parte hartu zuten gure packaging-a freskatzeko prozesuan, eta azkenean bozketaz erabaki zen genituen aukera bietatik zein hartu".

Garagardo feminista, eta jakiakaz ezkontzekoak

Berrikuntza gehiago ere badute Bogako lagunek, esaterako, Pikara Magazine aldizkariagaz elkarlanean sotutako garagardoa, azaro-akabuan aurkeztutakoa. Garagardo feminista da, winter ale estilokoa, "laranja eta kaneladuna eta apurka-apurka hartzekoa". 

Horrez gain, eskaintza berezia dute Gabonetarako: bertoko jakiakaz batera edateko egokiak diren garagardo-sortak. Inguruko hainbat elikadura-enpresagaz egindako elkarlanetik sortu dira garagardo berriok. Zehazki, arrain-kontserbak egiten dituen Conservas Zallo, La Gilda del Norte eta Bizkarra okindegia. Bogaren online dendan eskuratu daitezke pack berriak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun