Uribe Kostako Mankomunitateak gutun bidez jakinarazi du bizikletak alokatzeko zerbitzua eten egingo duela urte berria hasi bezain laster. Bizimeta 2009an martxan jarri zenetik, ehunka izan dira zerbitzu hori erabili izan duten herritarrak; hala ere, erabiltzaile horien kopurua murriztu egin da azken urteetan. Ondorioz, egoera horrek hausnarketa bat egitera eraman du Uribe Kostako Mankomunitateko Jasangarritasun Zerbitzuan.
Arduradunek azaldu dutenaren arabera, mugikortasun jasangarria mankomunitatearen ildo nagusietako bat izaten segituko du datorren urteetan ere. Hala, 2020an eskualdeko motordun ibilgailuen ordezko garraioak sustatzeko plan eta ekintzak martxan jarriko dituztela iragarri dute, horiek zeintzuk izango diren azaldu barik. "Bizimetako erabiltzaileei dei egiten diegu plan eta ekintza hauetan parte hartzera, gure eskualdeko mugikortasuna jasangarriagoa bihurtzeko asmoarekin", adierazi dute. Horretarako, interesa dutenek email bat bidali ahal izango dute hurrengo helbidera: ekogune@uribekosta.eus.