2015eko orduko hartan, astekari gisa ekin genion paperezko edizioa argitaratzeari, 24 orriko kolorez beteriko tabloidean. Ondoren, kopurua 16 orritara murriztu behar izan genuen, aldizkakotasun berdina mantenduta; 2019an, aldiz, orri-kopurua eta formatuan benetako iraultza egin eta edukiz betetako 40 orriko hilabetekaria izatera pasa ginen.
Ikusiko duzunez, irakurle, aldaketaz aldaketa bizi izan dugu bide hau, gorabeheratsua eta malkartsua aldiro; hala ere, gure eta ingurukoen indarrari eta gogoei esker aurrera egitea lortu dugu, uribekostar euskaldunontzako ahalik eta kazetaritza-produkturik onena helarazteko asmoz.
Hala, gaur, urtarrilaren 22an, urtemuga hori ospatzeko, bost urteotan argitaratutako aldizkarien azal denen bilduma sortu dugu, denbora tarte horretan papereko eskaintza horren bilakaera beren-beregi erakusteko.