Zinemagilearen filmografiari erreparatuz (Memories of Murder, Mother, Snowpiercer…) ez da harritzekoa azkenengo lanak mundu osoan izandako arrakasta. Spoilerrak saihestuz, istorio oso bestelakoak eta aldi berean, "parasitoak" diren bi familiaren arteko harreman toxikoaren ingurukoa da filma. Komedia beltza, drama eta kritika soziala dira osagai nagusiak. Errusiar matrioshka bat bezala, sorpresaz gainezka dago. Lan batek ikusleek barre egitea eta munduko bidegabekeriekin haserretzea lortzen badu, txalotzekoa dela uste dut. Zinemagile gutxik dakite umore eta kritika continuum harian ondo maneiatzen. Damián Szifron argentinarrak Relatos Salvajes pelikulan primeran lortu zuen.
"Mundu osoa" aipatu dut lehen. Cannes-eko Zinema Jaialdi ospetsuan Urrezko Palma jaso zuen Parásitos-ek, eta hori berri ona da, merezitako aitortza baita. Horrekin batera, 2019an Oscar sarietan lehenengo aldiz aktore indigena baten presentzia aipatu nahi dut, Yalitza Apariciorena. Horrek erakusten du egungo erreferenteak ezin direla Hollywoodera mugatu, eta badaudela kalitatezko eta balio handiko proiektuak AEBetatik at.
Denetarik ikustea ez dago gaizki, baina ez konformatu Joker-ekin bakarrik.