Cony Carranza Castro

Erabiltzailearen aurpegia Uxune Iriondo Urbistazu 2020ko urt. 22a, 19:23
© ECUADOR ETXEA

Bizitzari eskertzen diot Cony eta bion bideak gurutzatu izana. Getxoko jabekuntza-eskolan ezagutu nuen, migratuentzako topagune feministak antolatzen eta dinamizatzen zituen. Bat-bateko miresmena sentitu nuen. Hain apal, trebe, gozo, jator, ziur, argi, eder jarduten zuen! Duela hamabost bat urte Salvadorretik etorria, herri-hezkuntza feministan aditua eta aritua, emakumeei gatazka-, zapalkuntza- eta premia-egoerei aurre egiten laguntzen trebatua. Sorterrian hala jardun zuen eta hemen, zailtasun handiekin, aurrera egiteko tarteka zaintza-lanak oraindik ogibide dituen arren, milaka ordu ere eman ditu euskal herri askotan emakumeak, bereziki migratuak, ahaldundu eta duintzeko espazio, mintegi, topagune eta ikastaroak sortzen eta idazten. 

Gozamena da jendearekin zelan konektatzen duen sentitzea, gai da talde batean norbanako bakoitzaren beharrez berehala ohartzeko. Artista da denon ahotsak entzun daitezen lortzen, dotorea beti hitz egiteko joera dutenak tarteka isilarazten eta isilik eta oharkabean igaro litezkeenei ahotsa ematen, gaitik urruntzen garenean berriro gaira bideratzen, elkarri errespetuz eta adi entzutearen garrantzia eta plazera erdigunera ekartzen. Askotariko adin, jatorri, ohitura eta bizipenak ditugun emakumeok batu eta, konturatzerako, urruntzen gaituzten aurreiritziak eta hormak eraitsi eta bestelako begirada eta sentipenak pizten dizkigu. Energia eta presentzia bereziko emakumea da, irribarre maitagarrikoa, begi bizi eta pikaroak ditu, alaia da, musika entzun orduko gorputza dantzan jartzen zaien horietakoa. Inolako harrokeriarik gabeko pertsona. 

Nire iritziz, Euskal Herria gutariko askok baino hobeto ezagutzen du. Inurri-lana egiten du, sareak ederto ehuntzen ditu, bizipoza barreiatzen du. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez! Maite zaitugu, Cony! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun