Gatz-ozpinetan

Udagoieneko loreak, gustuko al dituzue?

Izei Azkue 2020ko urt. 23a, 09:13
Zizahoridun risottoa: Arroza, zizahoriak, tipula, gazta, gatza, piperbeltza, gurina eta ura.

Onddoen eta perretxikoen arteko ezberdintasuna ezagutzea garrantzitsua da. Izan ere, pertsona askok onddo deitzen diete boletus familiako perretxikoei, baina onddoak, egiatan, lur azpian aurkitzen dira. Hori dela eta, esan beharra dago perretxikoak onddoaren fruituak direla; hau da, onddoak perretxikoen bidez ugaltzen dira. Jakina eta aski ezaguna da perretxikoek sukaldaritzan ematen dizkiguten aukerak; hala ere, nabarmentzekoa da ere organismook ekosisteman betetzen duten papera, erabat garrantzitsuak dira eta. Zergatik? Segi irakurtzen!

Onddoek harreman estua dute zuhaitzekin; adituek esan ohi dute «lur azpiko internet» edo «sare sozial» bat osatzen dutela, metaforikoki, noski. Horri esker, zuhaitzekin mesede-harreman batean bizi dira: horien sustraiak inguratzen dituzte eta, hala, elikagaiak hartzeko erraztasun handiagoa ematen diete. Bestalde, zuhaitzek onddoei behar dituzten nutrienteak ematen dizkiete, mesede-truke bat balitz bezala. 

Klima-aldaketari aurre egiteko ere garrantzitsuak dira; zuhaitzek atmosferako CO2 kontzentrazioa txikitzen dute, onddo ektomikorrizikoak, aldiz, karbono-dioxido hori basoen lurzoruan gordetzeaz arduratzen dira. Naturarentzako duten garrantziaz aparte, gure osasunerako onuragarriak ere badira. Ilea jaustea eragozten dute, koipe eta kaloria gutxi dituzte, minbiziari aurre egiteko lagungarriak dira eta kolesterola erregulatu egiten dute. Gainera, memoriarako oso onak dira, portobello barrengorriak adibidez, eta duten ur-kantitate handiari esker azalerako onuragarriak ere badira. Duten selenio-kopuruari esker desintoxikaziorako aliatu bikainak dira; gainera, hurrengo mineralak eta bitaminak ere badituzte: burdina, fosforoa, iodoa, kaltzioa, zinka eta A eta B bitaminak. Beraz, oso elikagai osasungarriak dira.

Esandako guztiagatik, udagoieneko loreak izenez ezagunak diren organismo hauek mantentzeko ardura handia daukagu, gero eta afizio handiagoa baitago perretxikoen inguruan. Mendira goazenean garrantzitsua da bertan aurkitzen ditugun naturaren opariak babestea jarduera arduratsuak eginez eta errespetu handiz ibiliz.

Sukaldaria eta perretxikozalea naizen heinean, aukera dudan guztietan mendira joaten naiz jangarrion bila, horiekin era askotako platerak egiteko. Sukaldaritzan, perretxikoek aukera ugari ematen dute; hala ere, perretxiko bakoitzeko ideia bana izan ohi dut eta askotariko platerak egiten ditut perretxiko mota bakoitzarekin.

Udagoieneko onddozuriak, onddo pinuak edo onddobeltzak hartzen ditudanean, gehienetan, xerratan moztu eta plantxan egiten ditut, gatz eta olio apurra botata soilik. Hala ere, horiek ondo ez egotekotan, bexamela egiteko erabiltzen ditut, kroketak edo piperrak betetzeko. Esnegorriak, aldiz, gisatu egiten ditut patatekin batera, eta tripaki argiak tortillak egiteko erabiltzen ditut. Nire gustukoena, ostera, zizahoriak dira, lehortzeko duten erraztasunagatik, eta zaporeagatik noski. Horiek, gehienetan, risottoa egiteko erabiltzen ditut, eta errezeta hori ekarri dizuet oraingoan.
Plater hau egiteko behar ditugun osagaiak hurrengoak dira: arroza, zizahoriak, tipula, gazta (risotto hau egiteko zapore gutxiko gazta erabili ohi dut), gatza, piperbeltza, gurina eta salda edo ura. Hasteko, tipula frijitu egingo dugu eta urre-kolorea duenean zizahoriak gehituko dizkiogu; niri gustatzen zait zati txikitan moztea, baina moztu gabe ere bota ditzakegu. Zizak behin eginda daudela, arroza botako dugu eta salda edo ura botatzen hasiko gara, gutxika gutxika. Momentu oro irabiatzen egongo gara eta, behin arroza eginda dagoela eta ur apurra gelditzen dela (bestela oso siku geldituko da), gatza, gazta eta gurina bota eta indarrez irabiatuko dugu risottoa gurintzeko asmoz. Amaitzeko, piperbeltza norberaren gustura botako dugu, hala nahi izatekotan, bestela ez da derrigorrezkoa.

Espero dut errezeta gustuko izatea eta zuen etxeetan ere prestatzea, on egin eta urte berri on! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun