Lanbidez ingeniaria izan arren, Modesto Pérdigoren bizitzan garrantzi handia izan du abiazioak. Begoñan jaio zen 1929an, Sondikan aireportu bat eraikitzeko kudeaketak hasi eta urte eta erdira, gutxi gorabehera, eta hain zuzen Sondikara joan zen beraren familia, Modesto ume txikia zela. Herri horretan hazi zen, aireportutik hurbil, eta arin piztu zitzaion hegaldiekiko grina.
Pérdigo nahiko gazte hasi zen hegazkin txikiak pilotatzen. Ingeniaritza-ikasketak egiten zituen garaian akrobaziak egiten ibiltzen zen. Soldadutza abiazioan egiteko ere eskatu zuen, baina ukatu egin zioten ("familia abertzalekoa nintzelako", dio berak). Hala ere, urte askoan eutsi zion zaletasunari; Ereagan lurreratzea egin zuenerako, artean gaztea zen arren, bazuen eskarmenturik pilotatze-kontuetan. Azaldu duenez, egun hartan aireportuko arduradunek bertara joateko eskatu zioten, hegazkin-mota berri baten probazko hegaldi bat egiteko. Hura amaitu ostean, abioitik hurbil, Sondikako nesken eskolako irakasle bigaz topo egin zuen: Teresa Fernandez eta Teresa Iturriaga. Sekula hegazkinean ibili barik zeuden emakume biak, eta hegaldi batean eroateko eskatu zioten Pérdigori. "Oraintxe, gura baduzue", erantzun zien pilotuak. Bete beharreko dokumentazioa bete eta hegaldirako aukeratutako abioia egoera onean zegoela ziurtatzen hasi zen Pérdigo, aireportuko mekanikariagaz batera, baina Teresa Iturriagak, bere jesarlekura igotzean, behar ez zuen lekuan zapaldu zuen, eta takoiagaz kanpoko olana urratu zuen.
Motorra lehertuta
Ezbeharra zela eta hegazkinez aldatu behar izan zuten. Azkenean, lur hartu berri zegoen Auster Autocrat bat hartu zuten Fernandez eta Iturriagaren aire-bataioa egiteko. Algorta eta Neguri aldetik zetorren, hain zuzen ere. "Mekanikaria kexu zen motorra oraindino bero zegoela eta zaila izango zela hegazkina martxan ipintzea", gogoratu du Modesto Pérdigok. Abiatu ziren hala ere, eta airean oso denbora gutxi zeramatela, "Erandio eta Leioaren arteko mugan gutxi gorabehera", pilotua konturatu egin zen arazo larri bat zutela, takometroa bortizki oszilatzen hasi baitzen.
"Atoan ohartu nintzen abioiak matxura larria zuela; motorraren martxa moteldu nuen eta buelta erdia ematen ahalegindu nintzen, aireportura itzuli eta han, zelan edo hala lur hartzeko, baina biraketa egiten hasi orduko motorra lehertu egin zen". Momentu hartan hegazkina amatatu zuen Pérdigok, helizea guztiz gelditu zen, eta La Avanzada errepidearen gainetik Getxorako noranzkoan jarraitu zuen, lehenbailehen eta ahalik eta ondoen lurreratzeko leku baten bila. "Ordurako ez neukan denborarik, ez eta altuera nahikorik ere, Sondikara bueltatzeko", azaldu du pilotuak, "gainera arazoak sortuko genizkien han zebiltzan beste hegazkinei".
La Avanzadako bidean lur hartzea izan zen Pérdigori bururatu zitzaion lehenengo aukera, baina auto batzuk zebiltzan eta arriskutsua izango zatekeen
La Avanzadako bidean lur hartzea izan zen Pérdigori bururatu zitzaion lehenengo aukera, baina auto batzuk zebiltzan eta arriskutsua izango zatekeen. "Momentu hartan bidaiari biak konturatu ziren arazoren bat genuela", gogoratu du, "eta erabaki nuen zer gertatzen ari zen esatea, hau da, motorrik gabe genbiltzala hegan eta behartutako lurreratzea egin behar genuela". Modesto Pérdigoren esanetan, hura entzundakoan Teresa Fernandezek izan zuen erreakzioak egoera zaildu zuen: "Nire alboan zihoan, aurreko aldean, eta indar handiz besarkatu ninduen; ezin nuen hegazkina erabili!". Ahal bezala, beso bat askatu eta Fernandezi aurpegian kolpe bat jo ziola dio Pérdigok: "Zur eta lur geratu zen, eta momentu hura aprobetxatu nuen biei azaltzeko zelan jokatu behar zuten: esku-oinak non kokatu esan nien, eta ondo eusteko eta ahalik eta gutxien mugitzeko eskatu". Hegazkin hark gidari birentzako aginteak zituela gogoratzen du pilotuak. "Bidaiarietako batek komeni ez zen gailua ukituz gero, are zailago bilaka zitezkeen maniobrak".
Hondartza baten bila
Oso denbora laburrean (ezinbestean) hainbat aukera aztertu eta baztertu ostean, lurrera jaisteko hondartza bat bilatzea erabaki zuen Modesto Pérdigok. Ereagakoa zegoen hurbilen, eta harantz eroan zuen Auster Autocrat txikia. Garai hartan, hondartzaren ezkerreko aldean, Arriluzeko kaia eraikitzeko erabilitako garabi handia zegoen oraindino. "Hura saihestu behar izan nuen", dio pilotuak, "motorrik gabe nahiko arriskutsua den maniobra bat eginez, eta berehala hondartzan gelditzeko leku egokiena aukeratu".
Pérdigoren esanetan, bitxia da hondartzan zeudenetatik inor ez zela konturatu motor barik zebiltzala hegaka, "eta honenbestez bertan lur hartzea beste erremediorik ez genuela"
Maiatz erdiko egun hartan Ereaga ez zegoen jendez gainezka, baina huts-hutsik ere ez. "Nik ez neukan esperientziarik harearen gainean lurreratzen, eta horretarako trebakuntzarik ere ez nuen inoiz jaso; iruditu zitzaidan harea bustita dagoen eremua izan zitekeela egokiena, baina pertsona batzuk zebiltzan han, eta beste leku batzuetan ere jendea zegoen". Pérdigoren esanetan, bitxia da hondartzan zeudenetatik inor ez zela konturatu motor barik zebiltzala hegaka, "eta honenbestez bertan lur hartzea beste erremediorik ez genuela". Hala, inor ez zen kendu zegoen lekutik, eta horrek behartu zuen Sondikako pilotua hondartzako ingururik okerrena, "gorabeheratsuena", aukeratzera.
Modesto Pérdigok behar adinako trebezia izan zuen ondorio larririk gabe lurra hartu eta, bistan dena, beraren eta beragaz zihoazen bidaiari biren bizitza salbatzeko. Izan ere, inongo zauririk gabe, onik atera ziren hirurak. Teresa Fernandez eta Teresa Iturriaga hilda daude daborduko, baina bizirik egon ziren bitartean urtero, Gabonetan, Pérdigori deitu zioten eskerrak emateko.
Lurreratu ostekoak
Pilotu ohiak dioenez, hondartzan zegoen jendeak berehala inguratu zituen hegazkinetik jaitsi berriak. "Norbaitek esan zuen pilotua Pepón Escauriaza izeneko aberaskume bat zela", dio Pérdigok, "Neguri ingurukoa edo, apeta hutsagatik erabaki zuena hondartzan lur hartzea. Beste batek esan zuen: 'Baina nori bururatu zaio hemen lurreratzea? Norbait hil zezakeen!'». Laster hurreratu zitzaizkien Getxoko udaltzain bi ere, gertatutakoaz galdezka.
Pérdigok ez zuen dokumentaziorik aldean une hartan. Horrek ez zion udaltzainakaz arazorik sortu, baina bai ondoren agertutako guardia zibilakaz. Aireportura telefonoz deitzeko inguruko jatetxeetako batera zihoala geldiarazi zuten, baina azkenean haien errieta bat izan zen ondorio guztia berarentzat. "Aireportuko buruagaz berba egitea lortu eta jazotakoa azaldu nionean, ezin zuen sinetsi. 'Oraindik orain abiatu zarete eta!', erantzun zidan". Hegaldiak hamaika minutuko iraupena izan zuen Sondikatik Ereagara.
Gerora ikusi zuten hegazkinaren motorra guztiz hondatuta zegoela, lehertuta. Zatitxo batzuk airera jaurti zituen eztandak, eta besteren bat Modesto Pérdigok berak gorde du gaur egun arte
Gerora ikusi zuten hegazkinaren motorra guztiz hondatuta zegoela, lehertuta. Zatitxo batzuk airera jaurti zituen eztandak, eta besteren bat Modesto Pérdigok berak gorde du gaur egun arte, orrialde honetako goiko argazkian ikus dezakezuen puskatutako pistoia esaterako. "Hegazkinari dagokionez, motor berria ipini zioten eta Kataluniako zale batek erosi zuen".
Jazotakoa argitzeko egin zen espedienteak ez zion ondorio txarrik ekarri Pérdigori; ondo jokatu duela ebatzi zuten. Hala ere, kexu da gertakariaren bestelako bertsio bat zabaldu zela. Horri erantzunez, 2001ean xehetasunez betetako idatzi luze batean jaso zuen hemen agertu dugun kontakizuna; izan ere, dokumentu hartatik hartu ditugu pilotuak berak aurrez aurre egindako elkarrizketan azaldu ez dizkigun zenbait pasarte.
Estatubatuar gerra-abioia Erandion
Badago Modesto Pérdigoren bizitzan esanguratsua izandako behartutako beste lurreratze bat, eta hori ere gurean jazo zen, Erandiogoikoan hain justu, baina orduko hartan bera ez zen protagonista izan, lekukoa baizik. Ereagakoa baino askoz lehenago gertatu zen, 1944an, Pérdigok 15 urte zituela, eta haren berri ederto eman zuen Txorierriko Aikor! aldizkariak, zazpi urteko aldeagaz argitaratutako erreportaje bitan. Lehenengoa 2012ko ekainean (aldizkariaren 116. zenbakian), eta bigarrena orain dela askoz gutxiago, iazko urrian (196. zenbakian).
Badago Modesto Pérdigoren bizitzan esanguratsua izandako behartutako beste lurreratze bat, eta hori ere gurean jazo zen, Erandiogoikoan
Historia hori Ingalaterran hasi zen, 1944ko ekainaren 25ean. Bigarren Mundu Gerraren azken txanpa hasita zegoen, eta egun gutxi ziren aliatuen milaka soldaduk Frantziako Normandiako Lehorreratzean parte hartu zutela. Testuinguru hartan, Bachelor´s Bride izeneko AEBetako hegazkin bat Ingalaterratik abiatu zen Okzitaniako Tolosara, alemaniarren aerodromo bat bonbardatzeko asmoz. Baina bidean zeudela, matxura baten erruz, halabeharrezko lurreratzea egin behar izan zuten, non eta Erandiogoikoako ortu batean. Bertara ailegatu ziren lehenengoetakoa izan zen Pérdigo, hegazkina pasatzen leihotik ikusi ostean motoa hartuta.
Bachelor´s Bride abioi handia zen, Boeing B-17 modelokoa, eta bederatzi estatubatuar soldadu zihoazen barruan. Batzuek zauriak izan zituzten, eta Pérdigoren aita (Modesto hura ere) izan zen Euskal Herrian egon ziren bitartean artatu zituena, "Sondikako praktikantea zen eta". Izan ere, herriko medikuak, "Pereiro abizena zuen batek", uko egin zion hegazkinean zihoazenei laguntzera. "Gure lagunei bonbak botatzen zietenak ez zituela berak artatuko esan zuen", dio Modesto Pérdigok. Esan gabe doa Pereiro delakoa frankista sutsua zela, eta "gure lagunak", naziak. Beharbada mesedegarria izan zen haren erabakia; Pérdigok gogoratzen du medikuntzaz ez zekiela behar beste, eta Francoren erregimenagaz bat egiteagatik zegoela karguan. Bachelor´s Bride-ko bederatzi gizonak Loiuko Larrondo auzoko txalet batean egon ziren zauriak sendatu bitartean, pare bat astez. "Ugazaba Santi Alcaide zen, Bilboko Nueva York gozo-denda zuena; hark eskaini zuen bere etxea".
Aikor! aldizkariak, ikertzaile frantziar baten lanari esker, lortu zuen Bachelor´s Bride hegazkinaren pilotuaren familiagaz harremanean jarri eta Euskal Herrira ekartzea. Zehazki, haren alaba txikia, Barb Dow (Farrel Goodrich zen aitaren izena), senarragaz batera bisitari izan zuten Txorierrin joan den urrian, eta horregatik argitaratu zuten gaiaren gaineko bigarren erreportajea. Aikor!-en ekimenez, aitak izandako istripuaren lekuko batzuekaz elkartu ahal izan zen Barb Dow, eta horietan zaharrena Modesto Pérdigo zen. Topaketaren xehetasunak bikain azaldu zituen Jose Angel Mentxaka kazetariak Txorierriko aldizkarian. Horiek ezagutzeko grina baduzu bertako orrialdeetara jotzea gomendatzen dizugu, guri hegaldi hau amaitzeko momentua ailegatu zaigu eta.