Emendiozkoen multzoan sartzen da ere lokailua, eta aurreko esaldian esandakoari zerbait gehitzeko erabiltzen da. Hainbat moldetan ager daiteke: ere, ere bai, ere ez, baita ere, ezta ere... Zertarako erabiltzen den, beraz, badakigu. Hala ere, okerrak erabileran egoten dira batez ere, eta zehazki, ez dagokion tokian jartzegatik. Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman horretan, baina luze dago deskribatuta gramatiketan. Hortaz, lokailuaren erabilera estandarra aztertuko dugu, euskalki guztietan berdin samarra.
Esaldiaren hasieran ez
Lehenengo eta behin, argitu beharra dago ere-k beti behar duela aurretik erreferentziazko osagaia, beraz, horren atzean eta ondo-ondoan joan behar da. Ez da inoiz esaldiaren hasieran jartzen (gaztelaniaz egin ohi denez, también adberbioarekin): *Ere joan gaitezke hondartzara; *Ere (bai) esaten du...; *Be(re) bai esan behar da...; *Eta ere bai esan zuen... Molde horiek guztiak arrotzak dira euskaraz, eta bestelakoak erabili behar ditugu. Izan ere, badira ere-ren funtzioa betetzen duten zenbait lokailu (ezagunak horiek ere), baina kokapenarekin arazorik sortzen ez dutenak, ez baitute informazio berriaren jarraian zertan joan: halaber, era berean... Horrela, aurretiko akatsak konpontzeko aukerak zabaltzen dira: Hondartzara ere joan gaitezke; Esan behar da era berean.
Kokapenarekin jarraituz, ezin da idatzi aditz jokatu atzizkigabe baten ostean. Adibide baten bidez hobeto ikusiko dugu: *Mikel hemen dago ere; *Nire laguna euskalduna da ere. Esan bezala, esaldi-amaieran jartzea ez da egokia aditz jokatuaren atzetik badoa. Honela askoz hobeto: Mikel ere hemen dago; Nire laguna ere euskalduna da.
Erreferentziaren ondoan
Beste alde batetik, eta aurretik aipatutakoari estuki lotuta, kontuan hartu behar da zeri egin behar dion erreferentzia ere-k, eta horren segidan jarri. Esaterako: Guk goian afalduko dugu. Eta zuek? Hona askoren erantzuna: *Goian ere. Hala ere, galdera ez da NON afalduko den, pertsonari egiten zaio erreferentzia, hortaz, horren ostean jarri behar da lokailua: Guk ere bai.
Argitu beharra dago ere-k beti behar duela aurretik erreferentziako osagaia, beraz, horren atzean eta ondo-ondoan joan behar da
Erabilerarekin ari garela, aditzak badu garrantzia lokailuaren erabilera-moldean. Batzuetan ere-ren ondoren trinkoak erabiltzen ditugu (daki, dator, noa...), baina ere ezin da galdegaiaren lekuan jarri (ez da sekula galdegaia); eta askotan horixe gertatzen da: *Nik ere dakit. Bada, hori gerta ez dadin, BA- jarri behar diogu aditzari, eta horrela aditzaren baietza bihurtzen dugu galdegai: Nik ere BAdakit. Aditzaren baietza ez bada galdegaia, izango da bestelako nabarmentze bat egin nahi delako; horietan, beraz, beste osagai bat sartzen dugu aditzaren aurretik. Esate baterako: Ni ere hondartzara noa.
Bestetan, ordea, zenbait esalditan aditza ezabatu egiten da, eta horrelakoetan bai edo ez behar izaten du esaldiak. Ogia nahi al duzu? Erantzun egokia hau da: Bai, eta txokolatea ere bai. Eta ez Bai, eta txokolatea ere. Horren harira, gogoan izan behar dugu aditza eta bai batera erabiltzea ez dela zuzena. Hona hemen: *Bai, eta txokolatea ere bai nahi dut.
Baita ere, ezta ere
Aditza ezabatuta beste forma hauek ere erabiltzen dira, aurrez aipatutakoen kideak, alegia: baita (bai eta)...ere eta ezta (ez eta)...ere. Azken horiek ere zalantza franko sortu ohi dute; batzuetan, alabaina, esaldiaren hasieratik eman nahi izaten da emendio kutsua, eta ez soilik osagai bati. Horrek baita ere hasieran erabiltzeko nolabaiteko beharra sortzen du, eta sarritan entzuten da Baita ere esan digute (...) egitura. Zuzena al da? Ez al du izan behar Baita(...) ere? Bada, Euskaltzaindiak ez du erabat txartzat ematen (Mitxelenak berak erabili izan ditu, eta jasota daude horrelakoak); baina, zalantzarik gabe, arruntena baita (...) ere egitura da; beraz, horretara jo behar dugu. Ez ahaztu, baina, lehen aipatutakoa, zeregin horretarako beste lokailu arrunt eta egokiagoak ditugula. Hizkuntza aberatsa dugu-eta gurea.