Zientzia etxeko atarian

Nadia eta Joana ahizpen bidaia miresgarria

Eduardo San Andres 2020ko urt. 24a, 13:21

Denbora atzamarren artean ihes egiten digun fluido labainkor eta ikusezina da, baina poetek eta filosofoek eskaini dizkiguten erantzunak alde batera utzita… Zer da denbora? Aurrera doa etengabe? Beti erritmo berberean? Ondorengo testuan ikusiko dugunez, errealitatea ez da beti senak adierazten digun modukoa.  

Robert Zemeckis zinema-zuzendariaren 1985. urteko Back to the future film zoragarrian, Marty McFly (Michael J. Fox) protagonistak bidaia bat egiten du bere lagun batek, Doc izeneko zientzialari bitxiak, asmatu duen denboraren makinan. Makina horrek DeLorean auto ikusgarri baten itxura du, eta Marty bertara igo eta iraganera doa, bere gurasoak nerabeak ziren garaira. Sasoi hartan Martyren gurasoak elkar ezagutzeko zorian zeuden, baina dena korapilatzen da bere ama berarekin maitemintzen denean. Martyren betebeharra bere gurasoak elkarrekin maitemintzea eragitea izango da, begi-bistako denbora-paradoxa bat ekiditeko. 

Film horren argumentua oso deigarria da, baina, badu inongo oinarri zientifikorik? Posible da denboran zehar bidaiatzea? Ikus dezagun... Argi dago denok ari garela etorkizunerantz bidaiatzen, baina erritmo berberean egiten dugu guztiok? Galdera absurdoa da hori?

Izan bitez bi ahizpa biki, Nadia eta Joana. Biek 10 urte dituzte, eta Joanak ibilalditxo bat egitea erabakitzen du, v abiadura jakin batekin. Gero, bere ahizparengana bueltatuko da. 

Izan bedi t Nadiarentzat igaro den denbora, eta t’ Joanarentzat igaro dena, Joana bidaiatzen egon den bitartean. XVII. Mendean Isaac Newtonek planteatu zuen fisikak, baita senak ere, esaten digute bientzat denbora-tarte berbera igaro dela, hau da:

t = t’

Baina 1905. urtean Albert Einsteinek, bere erlatibitatearen teoriaren markoan, aurkitu zuen bi denbora-tarte horien arteko lotura ez dela hain sinplea. Beste modu batean esateko, denborak erritmo ezberdinean egiten du aurrera norberaren abiaduraren arabera. Zenbat eta bizkorrago mugitzen zaren, denbora orduan eta motelago pasatzen da zuretzat. Eta t eta t’ arteko harremana honako hau da:


t’=t·√(1-(v/c)2 


Formula horretan v mugitzen ari denaren (Joana) abiadura da, eta c argiaren abiadura, 300.000 km/s (argi-izpi batek 300.000 kilometro egiten ditu segundo batean!). Ikus dezagun zer eragin daukan t biderkatzen duen gai arrotz horrek.

Joanaren abiadura "normala" baldin bada, hau da, c baino askoz eta askoz ere txikiagoa, orduan v/c gaia ia-ia zero izango da, eta formulak t=t’ itxura lasaigarria hartzen du, baina v handituz badoa, c-rekin konparatzeko modukoa izan arte, orduan hasten dira komeriak... Hartu kalkulagailua:

Baldin eta v=100.000 km/s bada, hau da, Joana oso-oso-oso bizkor badoa, orduan t’=t · 0,94, hau da, t’ t-ren % 94 da. Nadiarentzat 10 urte igaro badira (t), Joanarentzat 10 · 0,94=9,4 (t’). Orain, Nadiak 20 urte ditu eta Joanak 19,4 urte. Baina ez ziren bikiak?

Baina v=299.000 km/s bada, orduan t’=t · 0,08 orain t’ t-ren % 8 da. Nadiarentzat (eta Nadiarekin gelditu zen guztiarentzat) 100 urte igaro badira, Joanarentzat zortzi baino ez. Orain Joanak 18 urte ditu eta Nadiak 110 (bizirik badirau). Efektua da Joanak 92 urte bidaiatu dituela etorkizunera!

Joanak berriro denboran atzera egin nahi duela erabaki du. Ibilbide berbera eta abiadura berberaz egin du kontrako noranzkoan, baina horrela beste 92 urte aurrera bidaiatzea baino ez du lortzen, efektua abiaduraren araberakoa baino ez delako, eta ez ibilbidearen araberakoa. Badago 184 urte etorkizunean. Izutzen ari da benetan. Bere garaira bueltatu nahi du. Zer egin dezake? Posible da iraganera ere bidaiatzea? Erantzuna, beste batean! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun