Zehazki, 2006an lehenengoz egin zenetik Kosta Trailek 154.000 euro inguru bideratu ditu elkartasunezko helburuetara, azaldu dutenez. Iaz, esaterako, 11.000 euro batu ziren jarduera fisikoaren bidez gizarteratzearen alde lan egiten duen gaituz Sport Fundaziorako. Aurreko urteetan, besteak beste, esklerosi anizkoitzaren, umeen minbiziaren eta diabetesaren alorretan dabiltzan elkarteei eman izan zaie jasotako dirua. Antolatzaileek ez dute oraindino jakinarazi nori emango dioten aurten jasotzen dena.
Ohiko hiru probak izango ditu 2020ko Kosta Trailek: mendiko maratoi erdia (21 km), mendi-martxa (20 km) eta familientzako martxa (7 km). Izan ere, pertsona guztiek egiteko moduko aukerak daudela nabarmendu dute.
Inguruarekiko begirunez jokatzea ekimenaren ardatzetako bat dela adierazi dute haren sustatzaileek. "Naturan eta paisaia txertatzen da proba hau", euren esanetan. Ildo horretatik, aurtengo edizioan plastikoaren erabilera ahalik eta gehien murrizteko hainbat neurri hartuko dituztela iragarri dute. Informazio guztia, ibilbide zehatzak barne, Kosta Trail webgunean ikus daitezke.