Areatza kalea egokitzeko lanak datozen hilabeteetan hastea aurreikusi dute

Iker Rincon Moreno 2020ko ots. 5a, 13:14
Areatza kalea, Gorlizetik Plentziarako norabidean.

Joan den urtarrilaren 29ko osoko bilkuran Plentziako Udalbatzak aho batez onartu zuen Plentziako eta Gorlizko udalek udalerri bietatik igarotzen den Areatza kalea hobetzeko eta birgaitzeko lanak egiteko sinatu beharreko hitzarmena.

Udal arduradunek azaldu dutenez, obra horrek bide osoan zeharreko ur-hornidura berrituko du. Errepide osoaren zoladura aldatuko dute baita ere, Charterra dagoen biribilgunetik PiEren parean dagoen biribilgunearen hasierara arte. Era berean, espaloi biak urbanizatuko dituzte ere, Plentziako portuaren parean igarotzen den zatian. Tarte horretan zerbitzuak ere berrituko dituzte: uraren hornikuntza eta argien aldaketa. Horrez gainera, argiztapenari dagokionez, daudenak berritu eta farolen kopurua handituko dute. Zenbait gunetan saneamendu zerbitzuak ere hobetuko dituzte.

Jarduera horrek 604.525,10 euroko aurrekontua du, eta udal bakoitzak bere eskumeneko zatiari dagokion zenbateko proportzionala ordaindu beharko du, hau da Plentziak 429.277,11 euro eta Gorlizek 175.247,99 euro.

Datozen egunetan obren lizitazioa martxan jarriko dute, hurrengo hilabeteetan lanak hasi ahal izateko. “Obra oso garrantzitsua da, udalerria zeharkatzen duen bide nagusietako bat delako, Gorlizko udalerriarekin lotzen gaituena, eta bai auzotarrek bai bisitariek asko erabiltzen dutena. Gainera, obra honekin, Ur Partzuergoarekin batera, kale honetako etxeetarako ur-hornidura bezalako zerbitzu garrantzitsua hobetuko da”, azaldu du Imanol Ardines Hirigintzako zinegotziak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun