Greba ez egitea eskubidea da, ados. Badakit, herriko dendari eta tabernari batzuek, deialdiaren arrazoiak ulertu bai, baina euren negozioan izan zezakeen eraginagatik, ez zuten negozioa itxi. Lanpostura joan zinetenen argumentuak zilegi dira, kapitalismoa gidatzen duten gizonek mehatxupean dituzte langileak, eta beldurra sentitzea zilegi da. Baina, mesedez, inork ez dezala lagunartean erabili modan jarri den argumentu neoliberal nazkagarria: grebek eta sindikatuek ez dute ezertarako balio.
Algortan (Uribe Kosta osoan, zoritxarrez) sistema elikatzen dutenen kontra altxatzeko arrazoiak infinituak dira. Amenabar, Neinor edo halako mafiek gure herrietako lurren kontura aberasten dira. Aitite eta amama pentsiodunak esplotatuta ditugu, kontsiliazioa Emakunderen txiste sarkastikoa delako oraindik. Getxo Antzokiko astakeriarekin aberastu dena, Espainiako senatuan prejubilatu dute. Zure semeak ingeniaritza ikasten du prestigiozkoa dela esan zeniolako eta, enpresa-munduan sartzean, hamabi orduko lanaldiak ematen duen prestigioa zer den ikasiko du kolpez. Psikologoen kontsultak antsietatez jota daudenekin gainezka daude, sistema errepresibo eta erreprimitu honek gaixotu dituelako. Eta abar.
80ko hamarkadako Euskaldunako langileek baino arrazoi gehiago ditugu grebarako. Horiek langabe geldituko zirenengatik borrokatu zuten. Orain, lanean dauden askoren egoera ere penagarria da. Ez zaitez konformatu Franco oso gaiztoa zela esanez.