Euskal udalekuak

Itxaso Paia Ruiz 2020ko ots. 5a, 15:38

CC BY SA-HALA BEDI

Udan gure auzokoak "pueblo"-ra joaten ziren. Gainekoak Galiziara, parekoak Burgosera eta gu... gu udalekuetara joaten ginen, urtero herri batera. Hainbat udalekutan izena eman eta zozketaren zain egoten zen ama hiru seme-alabon udaren antolaketa aurreikusi asmoz. Zozketa bidez zenez kontua, gu denetara apuntatzen gintuzten, eta hortaz, askotan ere tokatu zitzaigun. Azken batean, dabilenari gertatzen zaio. 

BBKren Briñas eta Sukarrieta hainbat urtetan probatu genituen. Batean zaldiak eta bestean piraguak. Foru Aldundiko udalekuetara ere hirukoteka apuntatzen ginen. Sekula ez ditut ahaztuko Zarautzen Mikel eta Ardarekin bizi izandako abenturak, Urdaibaiko Hitchcocken eszenen birsortzea Zior, Gerarda eta Fatirekin (Patri Espinar handia hezitzaile genuela), edo Izabako 2.000 metroak aldapan gora egitea. Gero bertso-udalekuak iritsi ziren eta, hor bai, hor nire "pueblo" maitea aurkitu nuen, hantxe zegoen nire familia. Nire "pueblo"-a ibiltaria zen, Euskal Herria zen, eta bulegoa Markina eta Elgoibar arteko baserri batean zegoen, Aubixan. Hantxe pasatu ditut azken hamazazpi udak, bertso-udalekuetan.  

Hori bai, rankinga egin behar banu, Euskal Udalekuak kokatuko nituzke lehen. "Txoko txiki polit bat gordetzen du Arabak, non abuztuan ohi diren Euskal udalekuak". Behin baino ez nintzen egon, begirale gisa: bidaia bakarra, inoiz ahaztuko ez dudana. Euskal gizartearentzat eredu izan litekeen proiektua da; uda abenturaz bete eta horiek euskaraz bizitzeko aukera ematen duena, auzolanetik eta euskal kulturatik. Euskara, natura eta elkarbizitzaz gain, berdintasuna eta kooperazioa ere lantzen dira. Euskal Herri osoko gazte asko boluntario aritzen dira, "gozatzea eta gozaraztea sari" (Josu Agirre herrikidearen hitzetan); ez bakarrik Bernedon, baita Abaigar eta Goñin ere. Uda gero eta hurbilago dago, plan bila bazabiltza... ez egin zalantzarik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun