Naturaren behatokitik

Murgildu gauean, haren soinuez gozatzeko

Xabier Buenetxea 2020ko ots. 6a, 10:53
Ezagutu ezean ikara gaitzakeen soinua egiten du hontz zuriak. CC BY SA-MOTTY

Udaberria hurbiltzen ari da, eta harekin batera urtaroen zikloko sasoi argitsua. Landareak loratu egiten dira, eta argiari agur egin eta egunari ekiten dioten txorien kantuek betetzen dute egunsentia. Beste animalia batzuk, berriz, argia joan eta iluntzen duenean hasten dira jardunean.

[Loturetan klik eginda aipatzen diren soinuak entzun ahal izango dituzu]

Gauak iluntasuna ekartzen dio naturari eta, ikusmena ez ezik, beste zentzumen batzuek garrantzia hartzen dute. Iluntasunean soinuek espazioan barrena bidaiatzen dute, eta gure entzumenak jaso eta gaueko bizimodura hurbiltzen gaitu. 

Animalia batzuk ilunpean bizitzeko egokitu dira, eta gainera isiltasunaz baliatzen dira ozen adierazteko zeintzuk diren euren eremuen mugak. Lurraldeari edo ugalketari lotutako kantu horiek bereziki deigarri suertatzen zaizkigu gauez basoan edo landan bagabiltza. Horretaz pentsatuz gero, burura etortzen zaizkigun gauaren lehenengo biztanleak hontzak izaten dira, euren buru handi bitxi eta begi handi deigarri eta guzti. Uribe Kostan sei hontz-espezie beha ditzakegu, eta horietatik lau hemen ugaltzen dira. 

Zaratatsuena, eta lurralde jakin batekin lotura estuena duena, urubia da, ulu triste eta bitxia egiten duena, arren kasuan "uhuu hu hu hu uhuuhuu" itzul genezakeena, eta emeenean "ku-uiik". Urubiak, bizitzeko, basoak nahi izaten ditu, eta horietako zuhaitz zaharren zuloetan hazten ditu kumeak, baina baliteke hirietako parkeetara eta landa-eremuetara ere joatea. Urte osoan entzun dakioke, baina batez ere urtarril eta martxo artean, ugaltze-sasoian, baita abuztu-irailetan ere, gaztetxoek habiatik alde egiten dutenean. 

Ezagutu ezean ikara gaitzakeen beste soinu bat hontz zuriak egindakoa da. Kirrinka edo txistu antzekoa da, indartsua, normalean bere lurraldearen barruan hegan dabilenean egiten duena. Urte osoan entzun dezakegu hontz zuria, baina gehienbat apirilean eta maiatzean, lantzarretan, landa-eremuetan eta hiri-parkeetan. Baserri zaharretako eta elizetako teilatuetan eta korta zaharretan gordetzen du bere burua. 

Uribe Kostan entzun ditzakegun beste hontz-mota biak txikiak dira, eta batez ere intsektuak eta sagu txikiak jaten dituzte. Mozoloa ugaria izaten zen lantzarretan, baina gainbehera egin du nabarmen. Haren soinuak katuarena gogorarazten du; labarren ingurua ona da ekainean eta uztailean, haizerik gabeko iluntzeetan, entzuteko. 

Apo-hontza da txikiena. Negua Afrikan ematen du, eta udaberrian etortzen da, ugaltzera. Martxoan ailegatzen denetik udagoienean joaten den arte, ohikoa da haren flauta-doinuzko kantu errepikakorra hiri-parkeetan eta landa-inguruetan aditzea. Haren "tiuuu" soinuak txantxiku-apoarenaren antza du (hortik datorkio izena), baina erregularragoa da.

Zata arrunta da gure zelaietan gauez sarritan entzungo duzun beste hegazti bat. Udatiarra hori ere, udaberrian itzultzen da, eta ohikoa da gauez errepideen asfaltoaren gainean zutunik ikustea. Soinua "rrrrr-rrrrrr-rrrrrr" urruma monotonoa du, notaz aldatuz joaten dena. Hegaka dabilela zein geldi eman dezake, eta zuhaiztien ertzetan entzun ohi da. Eta batere ohikoa ez bada ere, azken galeper ugalkorren "pox-po-lin" kantu erritmikoa entzun dezakegu oraindik gure sega-belardietan.

Putzu eta hezeguneetatik hurbil, igel- eta apo-abesbatzak entzun daitezke oraindik. Gero eta urriagoak dira, lehortzeagatik eta uraren kutsaduragatik, baina orain dela gutxira arte igel berdeek burrunba ozena egiten zuten batzuetan, oso kopuru handietan elkartuta. Apiriletik ekainera kantatzen dute.

Oraindik, ahaztutako zenbait bazter-txokotan, udako gau bero eta hezeetan, zuhaitz-igel arruntei entzun dakieke, hain berezkoa duten kantu errepikakorra eginez. Espezie horri inguruan belar eta zuhaixka asko duten putzuak gustatzen zaizkio. Apo lasterkariak, aldiz, nahiago ditu itsasertzeko dunak, eta Gorrondatxeko hondartzan du Bizkaiko bere azken gotorlekua. Haren koruak arrek egiten dituzte uretatik, emeak erakartzeko, ilundu ostean. Martxotik aurrera entzun daiteke haien estrofa latz, luze eta errepikakorra.

Gauak harritu egingo gaitu etengabe. Beldurrik gabe murgildu eta goza dezagun haren soinuez. Bide batez, argiztatutako parkeetan gero eta sarriago entzun daiteke kale-argiengatik nahastuta dabiltzan txantxangorrien eta zozoen kantua. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun