Gatz-ozpinetan

Ahuakatea, lagun min ala etsai?

Izei Azkue 2020ko ots. 10a, 11:00

Ahuakate beteak. © IZEI AZKUE

Ahuakatea gero eta leku handiagoa hartzen ari da gure elikaduran. Egia da gehienok modu berdinean erabiltzen dugula, baina sukaldaritzan askotariko erabilerak eman diezazkiokegu fruitu horri. Gainera, haren propietateak osasunerako oso onuragarriak izan daitezke.

Azido foliko kantitate handia izanda haurdun dauden emakumeentzat lagungarria da ahuakatea umekiaren eraketa-prozesurako, kolesterola murrizten laguntzen du eta dituen koipe osasungarriei eta E bitamina-kantitateari esker bihotzerako oso onuragarria ere bada. Ahuakateak asetasun handia ematen digu, eta honenbestez pisua jaisteko aliatu bikaina da. Hori hala izateko beste arrazoi bat da beste fruitu eta barazkiek eskaintzen dizkiguten nutrienteak xurgatzen laguntzen digula. Horrez gainera, antibiotiko natural bikaina eta antioxidatzaile indartsua da, eta burmuin-funtzioa hobetzen du. Askotan egure ezaugarri fisikoak hobetzeko ere erabiltzen da; kosmetikan, gero eta gehiago. Berbarako, ile distiratsuagoa lortzeko erabiltzen da, fruituak duen koipe naturalari esker; eta era berean, zelulitisa ekiditeko hainbat krema egiten dira fruituaren hazia erabilita, besteak beste.

Garestia izan arren, asko erabiltzen da gure inguruan osasunerako dituen propietateak direla eta; esate baterako, askok gosaria prestatzeko orduan ahuakatea lagun min daukate, eta eguneroko elikagaia dute. Nire kasuan, zorte handia izan dut sukaldaritzan hasi nintzenean nazioarteko jatetxe bitan lanean egoteagatik eta ahuakatea oinarrizko elikagaietako bat zelako. Horren arira, ahuakatearekin egindako hainbat errezeta aurkeztuko dizkizuet lerrootan. Goazen bada!

Izokin- eta ahuakate-tartara

Ahuakatea, izokina, tomatea, tipula gorria, perrins saltsa, martorria, anakardoak, soja, ozpinetako luzokerra, limoi-zukua, kaparrondoak, azenarioak, etxilarrak, sesamo-olioa eta oliba-olioa.

Tartara hau egiteko kantitateak norberaren gustura erabiliko ditugu. Hala ere, eta logikoa den moduan, izokina eta ahuakatea osagai nagusiak izango dira. Kubo txikitan ebakiko ditugu eta bol bat erabiliko dugu nahasketa egiteko. Tomateari dagokionez, gomendatzen dut haren haragia erabiltzea soilik, haziak alde batera utzita; baina adi! Ez bota horiek, beste gauza askotarako erabili baititzakegu, gosaltzeko pan tumaca egiteko, adibidez. Tipula brunoise eran ebakiko dugu; hau da, kubotxo txikitan. Orduan, bolean osagai guztiak nahastuko ditugu azenarioak eta etxilarrak izan ezik. Kontuz perrins saltsa, soja eta sesamo olioarekin, horiek zapore handia daukate eta, batez ere sesamo olioak zapore biziegia du; hala, pare bat tanta bota, besterik ez. Guztia txikituta eta bolean nahasita dugunean, molde baten laguntzarekin platerean aurkeztuko dugu. Azenarioekin eta tipula gorriarekin crudites bat egingo dugu, tira oso finetan moztuta, eta tartara apaintzeko erabiliko dugu. Azkenik- oliba-olio pixkarekin distira-kolpe bat emango diogu.

Guacamolea

Ahuakateak, martorria, tomatea, tipula gorria, lima-zukua, ozpina, oliba-olioa eta gatza.

Guacamolea egiteko, lehenik eta behin ahuakateak zanpatuko ditugu. Zanpatuta ditugula, martorri txikitua, lima-zukua, ozpin pixka bat (zenbat eta lima-zuku gehiago, orduan eta ozpin gutxiago beharko dugu,) oliba-olioa eta gatza botako ditugu; nahasketa dastatuz joango gara gustura egon arte. Nahasketa eginda dugula, brunoise eran ebakitako tipula eta tomateak gehituko ditugu. Tomatea aurreko errezetan bezala botako dugu, hazirik gabe.

Ahuakate betea

Ahuakateak, tomatea hazirik gabe, tipula gorria, lima-zukua, arrain hegalariaren arrabak, otarrainxka egosiak, feta gazta eta oliba-olioa.

Ahuakateak hustu eta kubotan ebakiko ditugu, baita otarrainxkak, gazta eta tomateak ere. Tipula brunoise eran ebaki eta guztia nahastuko dugu. Ondoren, nahasketari lima-zukua, oliba-olioa eta gatza nahi eran botako diogu. Amaitzeko, ahuakate hustuak nahasketarekin beteko ditugu, eta kito. Apaintzeko eta ukitu kurruskaria emateko, arrain hegalariaren arrabak ipiniko ditugu gainean.

Arrautza beteak

Ahuakateak, menda, hegaluze-lata, oliba-olioa, limoi-zukua eta arrautza egosiak.

Arrautza egosiak erditik ebaki eta gorringoa kenduko diegu nahasketarako lekua utzita. Bol batean osagai guztiak botako ditugu eta birringailu baten laguntzarekin dena txikituko dugu (pare bat gorringo gordeko dugu arrautzak apaintzeko). Nahasketa amaituta dugula, arrautzak bete eta menda zati batzuekin eta gorringo marratuarekin apainduko dugu; kontuz menda-kantitatearekin, gutxika bota eta dastatzen joan zuen gustukoa izan arte. On egin! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun