Izena duen guztia omen da

Euskal mitologiaren bidaia hastera doa!

Aritza Bergara 2020ko ots. 10a, 11:14
© ORRITZ ELKARTEA

Ene! Azkenean arbasoen, aztien, sakratuen, Euskal Herriko jainkoen munduaz interesa agertu du norbaitek. Mitologiari buruz gehiago jakin nahi duzue? Jainkoak eta mitologiaren parte diren beste izakiak ezagutu nahi dituzue? Bada, hauxe da zuen lekua; has dadila bidaia.

Batzuek gogoratuko nauzue, UK aldizkarian "Jentilen aztarnen atzetik" atala idazten nuelako. Besteei HIRUKAko kolaboratzaile berria izango naizela esango dizuet, atal berri bat sortuz. Eta gure txokoa izango den honetan euskal mitologiaz arituko gara, aspaldi egiten nuen moduan. Aurrekoan pertsonaiak ezagutu genituen; orain, aldiz, beraiei buruzko kondairak irakurri ahal izango ditugu. Hori bai, lehenengo artikulu honetan gure mitologiaren ezaugarriak aipatu nahi nituzke.

Zer da euskal mitologia

Euskal Herriak, Pirinioen bi magaletan antzinatik bizi izan den herriak, Europa Zaharreko beste herri eta gizatalde guztien aldean, nortasuna eman dioten berezko ezaugarriei eutsi die betidanik. Gizakiek beren kultura ikasi eta aztertzeari ekiten diote berau kolokan, arriskuan, desagertzeko zorian dagoenean, kultura nagusien eraginez galdu edo nahastear dagoenean, XIX. mendearen bukaeran Euskal Herriaren kasuan.

Joxe Miel Barandiaranek, Azkuek eta maila bereko hainbat antropologok ipuin mitologikoak jaso, bildu, ikertu eta aztertu dituzte, baita horiek desagertzetik gorde ere. Euskal Herriak, itzal handiko jakintsuon ekinari esker, geure arbasoengandik datorkigun aberastasun horri eutsi dio; herriaren gogoan dirauen aberastasuna.

Eta gaiarekin hasteko, betiko galdera planteatu behar da: zer da mitologia? Nire garaian, arlo honetaz interesatzen hasi nintzenean, hiztegietara jo nuen erantzunaren bila. Eta hauxe izan zen topatu nuen erantzuna: «Herri edo kultura konkretu batek duen mitoen multzoa». Hori bai erantzun zuzena, ezta? Baina orduan, zer da mitoa? Adituek esaten dutenez, kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen duena. Mundua nola sortu zen azaltzen dute, pertsonaien bitartez edo hainbat sinesmenez. Eta Euskal Mitologiari buruz hitz egiten dugunean, horrek erakusten digu euskaldunok nola ulertzen zuten mundua, zeintzuk ziren lur honetan bizitzen zirenentzako pertsonaiak eta zer nolako fenomenoak azaltzen zituzten pertsonaia bakoitzarekin.

Gaur egungo gazte batzuen iritziz, mundu globalizatu honetan mitoek ez dute ezertarako balio, historiaurreko sinesmenak baino ez dira. Dena den, gauza guztiak bezala, erantzuna ez da hain erraza. Gure arbasoen sinesmenek, ohiturek, esanek… gaur egun daukagun mundua ulertzeko laguntzen digute. Eta, ze demontre! Nori ez zaio gustatzen edonoiz, mendiko aterpe batean gaudenean, suaren inguruan eserita, antzinako gertakari baten historiatxo bat entzutea?

Gure mitologiaren ezaugarri nagusiak

Herri zaharren arteko trukaketa betidanik existitu da, hainbat arlotan, baita sinesmenen edo mitoen atalean ere. Hori dela eta, mitologia ezberdinetan antzeko ezaugarriak topa ditzakegu. Baina azaletik sakontasunerantz joaten garenean, ezberdintasun ugari agertzen dira. Gure kasuan, lau baino ez ditut aipatuko, niretzat azpimarragarrienak direlako. Hasteko, euskal mitologiaren jainko nagusia emakume bat da: Mari. Beste mitologietan, ordea, ez da horrela gertatzen, hala nola Jupiter, Zeus, Manitú gizonezkoak izan ohi dira nagusiak. Bestetik, euskaldunon mitologian izaki magiko horiek gure artean bizi dira, ez Olinpoan edo zeruan. Gure inguruan aurki zitezkeen, hala nola kobazuloetan, urrun zeuden basoetan… Era berean, kondairak eta jakinduria herrikoia belaunaldiz belaunaldi igaro da, ahoz aho, idatzi gabe, XX. mendea ailegatu arte. Idatzitako lehenengo datuak bisitariek jaso zituzten eta, geroxeago, hainbat ikerlarik; Barandiaran, Baroja, Azkue eta Satrustegi, besteak beste. Horiek abiatu ziren hasiera batean eta haien lanekin jarraitu zuten beste batzuek gero: Juan Manuel Etxebarriak eta Jose Duesok. Amaitzeko, bertoko ohiturak eta mitoak paganoak dira, kristautasuna ailegatu baino lehenagokoak; handik aurrera, sinesmen berriekin batera nahastuta agertzen dira askotan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun