"Espetxean dauden presoek ez dute euskaraz ikasteko bermerik"

Iker Rincon Moreno 2020ko ots. 11a, 08:53

Aitor Fernandez de Martikorena eta Erlantz Ibargurengoitia euskara irakasleak.

Kartzelan dauden euskal presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuagaz, HABEk ikasle ofizial moduan onartu ditzan lan egiten dabil euskara-irakasleen sare bat. Une honetan 44 euskal preso inguru daude euskara ikasten, eta horietako sei dira Uribe Kostakoak.

Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta euskal herritar denek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Horixe da EAEko 10/1982 Legeak dioena; hala ere, lege horretan jasotzen dena ez da euskal herritar denentzat behar besteko bermea. Aitor Fernandez de Martikorena eta Erlantz Ibargurengoitia euskaltegietako irakasleek azaldu dutenez, euskararen ofizialtasuna aitortuta ez dagoen herrialde batzuetan bizi direnek euskara-azterketa egiteko eskubidea dute, hala nola Kanadako biztanle batek edo Bruselako parlamentari batek. Espainiar eta Frantziako espetxeetan dauden euskal presoen kasuan, aldiz, ez dute horretarako bermerik. Irakasleek gogoratu dutenez, iaz arte EGA sistema zegoen eta horrek bermatu egiten zuen euskal presoek euskara azterketara aurkeztu ahal izatea. “Espetxeetako Idazkaritza Nagusiarekin zegoen akordioari esker aukera zegoen azterketak kartzelara helarazteko eta bertan azterketak egiteko, ondoren bueltan etorri eta guk zuzentzeko. Orain, aldiz, EGA desagertu da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren barruan kokatuta zegoena; HABE dago orain, eta hori Hizkuntza Sailaren barrukoa da”, azaldu du Ibargurengotiak, “hori dela eta, beste akordio bat lortu behar da bi erakundeen artean”.

“Aukera egonez gero, bisitak baliatu behar ditugu materialak presoei helarazteko, eta askotan hori ez da erraza izaten”

Euskaltegiak espetxeetara

Zazpi irakaslek egindako lanari esker iaz zortzi presok gainditu zuten EGA azterketa. Aurten irakasleen sarea handitu egin da; 49 irakasle dira orain, horietako lau Uribe Kostakoak, Fernandez de Martikoena eta Ibargurengoitia tarteko, eta horien helburua da euskal presoak HABEko ikasle ofizialak izatea. Hori lortuz gero eskolak emateko moduak asko hobetuko liratekeela nabarmendu dute euskara-irakasleek: “Gaur egun idazlanen trafikoa egin behar izaten dugu materiala euskal presoei helarazteko”. Ofizialtasuna lortuz gero, aldiz, ikasketa-prozesua normalizatu eta erraztu egingo litzateke: “Aringarria izango litzateke eta ikasteko askatasun handiagoa izango lukete ikasleek, hala nola ikasketa-gelak erabiltzeko eta materiala inolako arazorik gabe jasotzeko bermea izatea”.

“Hizkuntza batean trebatzeko oinarrizko lau trebezia daude: mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena. Askotan ezin ditugu horiek denak landu material-faltagatik”

Euskara ikasteko zailtasunak espetxean

Eskualdeko irakasleek azaldu dutenez, “baldintza txarretan ematen ditugu eskolak, eta materiala helarazteko oztopo handiak izaten ditugu. Presoen bisiten edo telefono-deien zerrendatik leku bat hartu behar izaten dugu tutoreok. Aukera izatekotan, lagun moduan sartu behar gara, hori demostratu ahal izatekotan; eta halakoetan senideek bisita egiteko aukera galtzen dute”. Ibargurengoitiak aitortu duenez, zaila da baldintza horietan inori euskara irakastea, “lehenengo urtea da askorentzat eta tempusak ez ditugu menperatzen. Ikasleak zuzenean izatera ohituta gaude; orain, aldiz, badirudi oso distantzia luzean ari garela”. Izan ere, “eskolan bost segundoko kontua litzatekeena, modu honetan asko luzatzen da”, Fernandez de Martikorenak gaineratu duenez.

Denera, Uribe Kostako lau euskara-irakaslek parte hartzen dute sarean, eta eskualdeko sei presok parte hartzen dute egitasmoan. “Gogo onez eta pozik daude; Euskal Herria gerturatzeko eta euskaraz berba egin ahal izateko aukera eskaintzen die egitasmo honek, barruan oso aukera gutxi dutelako euren hizkuntzan aritzeko”, Fernandez de Martikoenaren berbetan.

Borondate politikoa

Euskara-irakasleen sarea HABEko arduradunakaz harremanetan dago gaur egun normalizazioa lortu ahal izateko. Fernandez de Martikorena eta Ibargurengoitiak azaldu dutenez, proposamena aurkeztu zaie alderdi politikoei, “baina oraindino ez dakigu zein izango den erantzuna. Negoziazioak zabaldu nahi dituzte, baina hor dago kontua. Ez dago gure esku; erakundeen artean egongo da erabakia hartzeko tartea”. Horren harira, azpimarratu dute gobernuen borondate politikoaren araberakoa izango dela erantzuna: “Eusko Jaurlaritzak bermatu behar du hau dena; Kanadakoei euskal etxeak bermatzen dien bezala. Hori da gure nahia”. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun