Egunak

Joseba Santxo Uriarte 2020ko ots. 12a, 08:00

Idatzi nengike asteko egunek euskaraz dituzten aldaerez, besteak beste: astelehen/ilen, astearte/martitzen, asteazken/eguazten, ostegun/eguen/ortzegun, ostiral/bariku/ortziral, larunbat/zapatu eta igande/domeka. Azken baten, koloreak kolore, denak baitira...
egunak!

Idatz nezake aurtongo urtea bisurtea izatearen arrazoi historiko-matematikoez, urte gregorianoak zehazki 365,2425 egun irauten zuela/duela eta ordu-soberakin hori lau urterik behin urteari egun bat gehituta berdintzen dugula azaltzeko. Baina zenbakietara oso ohituta ez daudenek azalpen eta kalkulu konplexu horiek barneratzeko, gogoez gain, agian behar lituzkete...
egunak!

Idatzi ahal nuke, egun arruntez barik, gurean hainbesterainoko atxikimendua izaten duten egun seinalatuez: Bertso Eguna, Gudari Eguna, Alderdi Eguna, Dantzari Eguna, ALBEguna, Eskola Publikoaren Eguna, Zuhaitz Eguna, Uztaberri Eguna, Antzara Eguna... edo, zergatik ez, aspaldion presentzia ikaragarria hartu duten Nazioarteko edo Munduko egunez, kasurako, Lekaleen Munduko Eguna (otsailak 10), Epilepsiaren Nazioarteko Eguna (otsailak 11), Ume Soldaduen Erabileraren Aurkako Munduko Eguna (otsailak 12), Irratiaren Munduko Eguna (otsailak 13), Osasun Sexualaren Europar Eguna (otsailak 14)... Baina horiek ez dira egunak, baizik...
Egunak!

Ideia horiek guztiak nerabiltzan buruan Hirukatik artikulua bidaltzeko epea oroitarazi zidatenean, eta azken uneko larritasunetara ohituegi, aurretik aste erdia nuela ikusita, hauxe irten zitzaidan barru-barrutik: Jeseeeuuus...
egunak!

Baina egunak, orduak, minutuak eta segundoak norberak gura baino bizkorrago igarotzen dira sarri, eta konturatu orduko, buruaren jiran nituen ideietatik bat hautatu beharrean suertatu nintzen, artikulua sasoiz amaituko banuen.

Eta orduantxe deliberatu nuen ez idaztea hitzez, berbez, eleez, ezpadaze berben atzean dagoen esanguraz, adieraz, semantikaz.
Ez al da zoragarria (bezain sorgingarria) hitz batek berak hainbeste adiera hartzea, testuingurua aldatuta!

Aurreko ideiak ez ziren idazteko helduleku txarrak, baina azkenean hitzen atzean ostenduta egon ohi den semantika jolastiaren aldeko apustua egin nuen. Baliteke, baina, beste egunen baten horietakoren bati heltzea ere. Zer gogo... zer aldarte... badakizue...
egunak!!!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun