gomutak proiektua

Laguntza gehien behar dutenentzako topagune digitala

Unai Brea 2020ko ots. 13a, 14:00

Orain dela urtebete inguru sortu zen ideia, eta azken hilabete bietan hasi da gauzatzen. Besteak beste gaixotasun mentalak dituztenen edota baztertuta daudenen zenbait beharrizan ase guran, Gomutak plataforma martxan ipini dute hiru lagunek, horietako bi EHUko ikasle uribekostarrak. "Kolektibo horientzat interesgarria izan daitekeen informazio guztia batzeko gune bat da", azaldu dute. Webgunea prestatzen dabiltza, eta mugikorretarako aplikazioa ere kaleratu gura dute laster.

"Ohartu ginen talde batzuen premiei ez zaiela behar bezala erantzuten, eta teknologia berriak erabiliz horri aurre egiteko ekimen hau abiaraztea bururatu zitzaigun", dio Juan Ignacio Llorente sopeloztarrak, Gomutaren bultzatzaileetako batek. Llorente Gizarte Hezkuntzako hirugarren maila ikasten dabil EHUren Leioako campusean, eta beragaz batera dabiltza Gomutak proiektuan Kerman San Juan, informatika Ingeniaritzako ikasle getxoztarra, eta Jon Sanromán web diseinatzaile bilbotarra. Getxoko Wanted lehiaketaren bitartez irabazitako 10.000 euro sariak bultzada eman zien proiektua garatzeko, hilabete askoan ideia hutsa izan ostean.

Gaixotasun mentalak dituztenek edota bazterkerian daudenek behar duten informazio guztia gune bakarrean batzea da Gomutak-en helburua. "Euren intereseko arloetan zer elkarte dabilen, eurakaz zelan jarri harremanetan, zein profesionalek eman diezaiekeen laguntza (psikologo, neurologo...)", dio Llorentek. Gaineratu duenez, momentuz gaixotasun mentalak (batez ere eskizofrenia) dutenakaz eta bazterkeria jasaten dutenakaz lanean badabiltza ere, etorkizunean kolektibo gehiagorengana ailegatzeko asmoa dute. Webgunea sortu dute, gomutak.com, baina guztiz osatu barik dago oraindino, eta gerora etorriko da gailu mugikorretarako aplikazioa.

"Bestalde, elkarteak elkarregaz harremanetan jartzen saiatzen gara", adierazi du Juan Ignacio Llorentek, "batzuetan elkarren berri ere ez dute izaten, lan berdina egin arren". Azken boladan bilerak egin dituzte Getxoko Argia Fundazioko eta Bilboko Bizitegi elkarteko hezitzaleakaz eta kideakaz, "eta emaitza oso ona izan da, elkarlanerako ideia asko sortu dira".

Bileretan, besteak beste, Gomutakeko kideek azalpenak ematen dizkiete, hala behar dutenei, ordenagailua edo mugikorra behar bezala erabili eta plataforma guztiz garatuta dagoenean bertara sartu ahal izateko. "Jakin badakigu pertsona horietako askok, beharbada, ez dutela halako gailurik erabiltzeko aukera askorik izan", argitu du Juan Ignacio Llorentek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun