Egunak dira Osakidetzak kasu hauetarako protokoloa aktibatu duela, eta publiko zabalari hainbat aholku helarazi gura dizkio. Bestalde, aholkularitzarako telefonoa zein den zehaztu du: 900 203 050.
Osakidetzaren webgunean birusaren inguruko informazio eguneratua eskaintzen ari dira.
Zer da koronabirusa?
Koronabirusak animalietan zein gizakietan aurkitzen diren birus familia zabal bat dira. Batzuek gizakia infektatu egiten dute, eta hainbat gaixotasun eragin ditzakete, hala nola hotzeria arrunta; gaixotasun larriagoak ere badaude, hala nola, Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS) eta arnas sindrome akutu larria (Sras).
Nola hedatzen da birusa?
Nahiz eta ez den zehazki ezagutzen, antzeko birusek eragindako beste infekzio batzuekiko analogiagatik, badirudi kutsatutako animaliekiko kontaktuaren bidez edo gaixoaren eztulagaz eta doministikuagaz sortzen diren arnas jariakinekiko kontaktu estuaren bidez transmitituko litzatekeela. Sekrezio horiek beste pertsona bat kutsatuko lukete haren sudurra, begiak edo ahoa ukituz gero.
Zer egin dezaket babesteko?
- Garbitu eskuak sarritan.
- Eztul edo doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra ukondoagaz edo zapi bategaz. Bota zapia berehala eta garbitu eskuak alkoholez egindako eskuetako desinfektatzaile bategaz edo ur eta xaboiagaz.
- Eztula edo doministiku egin eta sukarra duten pertsonetatik metro batera egon gutxienez.
- Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.
Zer egin behar dut transmisio-eremuetan izan banaiz?
-
Leku horietatik itzultzen diren eta osasun-arazorik ez duten pertsonek bizimodu normala egin dezakete familiagaz eta lagunakaz, eta, orokorrean, baita eskola eta lan eremuan ere.
-
Bidaiatik itzuli ondorengo aste bietan arnas-infekzio akutu batenak izan daitezkeen sintomak izanez gero, hala nola sukarra, eztula edo aire-faltaren sentsazioa, etxean edo ostatuan geratu behar duzu eta berehala jarri behar zara Osasun Aholkulariagaz (900 203 050) harremanetan. Osasun-zerbitzuek ebaluatuko dute zure osasun-egoera, bidaiaren aurrekaria eta koronabirus berriaren kasuakaz kontakturik izan duzun.