Izozmendiak

Maier Arrieta 2020ko mar. 5a, 17:58

Izozmendiak izotzezko mendi hotz eta gogorrak dira, Antartida eta Groenlandia inguruko itsasoetan sortuak. Glaziar-ertzen hausturaren ondorioz ur gezaz sortutako izotzezko masa handiak. Zuetako gehienek inoiz edo behin ikusi izan duzue halako bat dokumental edo aldizkari batean. Zer esanik ez, denok ezagutzen duguTitanic ontziaren istripua, 1912an izozmendi bategatik hondoratu eta milaka hildako eragin zituena.  

Fenomeno bitxiak, harrigarriak dira izozmendiak. Bi aurpegidun izotzezko mendi horiek ez dira batere finkoak. Etengabeko mugimenduan daude lurburuetako itsaso jelatuetan barrena, itsas nabigaziorako oso arriskutsuak izan dira beti, eta hala dira oraindik. Bitxiak direla aipatu dut, ongi dakizuenez izozmendi baten bolumenaren %90 ur-azal azpian ezkutaturik dagoelako, gizakiaren subkontzientea bezala. Izozmendi baten guztizko bolumenaren zortziren bat baino gutxiago dugu ikusgai. Harritzekoa, ezta?  

Berdin gertatzen da betidanik gure inguruan eta azkenaldian hedabideetan bolo-bolo dabilen kontu askorekin; ustelkeriak eta izozmendiek, uste baino antz handiagoa dute. Zerrenda amaigabe bat idatzi ahalko genuke egon diren zabor-kasu guztiekin. Hedabideek ontzi batetik ikus daitekeen izozmendia deskribatzen dute soilik, hau da, nahas-mahas dagoen kaka guztitik agerian dagoen zatitxo txiki bat baino ez. Baino non ezkutatzen dute ur-azal azpian omen dagoen izozmendiaren bigarren bisaia? 

Lotsagarria da egoera, eta aldaketa klimatikoak ere ez du laguntzen. Guk, nabigatzaileok, tentuz ibili beharko dugu izozmendiz betetako itsasoan. Titanic ez bezala, ikusgai dauden izozmendien tontorrak eta haien urazpiko oinarriak saihestu beharko ditugu tripulazio osoa ez hondoratzeko. Zorionez itsasoa zabala da, eta eskerrak, izozmendirik zein ustel-mendirik gabe nabigatzeko ubideak dauzkagula. Eskerrak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun