Kezka eta amorrua

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao Sarria 2020ko mar. 5a, 18:03

Badira eskubideen borrokarekin lotutako hainbat egun. Egun horiek, kolektiboa ikusgarri egiteaz gain, urtean zehar pairatzen dituzten bereizkeriak, bidegabekeriak eta zapalkuntzak agerian jartzeko baliatzen dira. Egun horietako bakoitzak bere esanahia du. 1886ko maiatzaren 1ean, Chicagon, sindikalista batzuek greba hasi zuten. Hiru egun igarota, matxinada piztu eta, amaieran, zortzi langile epaitu eta bostek heriotza-zigorra jaso zuten. 

Martxoaren 8ari dagokionez, 1857an, New Yorken emakume langileen talde bat lan-baldintza duinen alde kalera irten zen, eta errepresio bortitza jaso zuen poliziaren aldetik. Bestalde, 1911n lan-baldintzen eta eskubideen alde langile-talde bat arropen lantegian itxi eta, sute baten ondorioz, 146 pertsona hil ziren, jabeek ateak eta leihoak itxi zituztelako. 1969ko ekainaren 28an poliziak LGBT komunitateko hainbat kideren aurka egindako sarekaden aurrean emandako erantzun espontaneo eta bortitzari eman zitzaion.

Gertaera lazgarri batzuek ekarri zuten egun horiek kolektibo zapalduen ikur bihurtzea. Berriki izan den ama hizkuntzaren nazioarteko egunak ere badu bere historia. 1951n Bangladesh Pakistanen barruan zegoen. Otsailaren 21ean milaka herritar, ikasleak bereziki, kalera atera ziren Dhakan, berezko hizkuntza bengaleraren alde. Polizia oldartu zitzaien eta bi ikasle hil zituzten.

Kezkaz bizi dut egun horri eduki politikoa kendu izana. Kezkaz bizi dut ama hizkuntzaren nazioarteko eguna marketinerako egun bihurtu izana. Kezkaz bizi dut egun munduan milioika herritarrek berezko hizkuntzan bizitzeko ukazioa pairatzen dutela jakin arren, otsailaren 21eko adierazpenetan horien guztien inolako aipamenik egin ez izana. Kezkaz eta amorruz bizi dut, beste behin, kolektibo zapaldua ikusgarri egiteko izan behar zuen eguna zurikerietarako baliatu izana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun