Hizkuntzaren zalantzategia

Zenbat buruhauste siglak erabiltzeko orduan

Eunate Muruaga 2020ko mar. 9a, 11:47

Pintada honetako siglak txarto idatzita daude, badakizu zergatik?

Oraingoan siglekin eta akronimoekin natorkizue. Badakit ez dela gai berria, eta ziurrenik informazio asko ezaguna izango zaizue. Baina sarri zalantza-iturri gertatzen dira, kontua oso garbi ez dagoen seinale. Beraz, saiatuko naiz ondorengo lerroetan horiek argitzen.

Lehenengo eta behin, argi dezagun zer diren siglak eta akronimoak. Siglak ordezko laburtuak dira, ordezkatzen dituzten hitzen lehen hizkiez osatuta daudenak. Adibidez: AEK (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea). Akronimoak, aldiz, ordezko laburtuak dira, baina hitz arruntak bezala irakurtzen dira, ez letraz letra, eta bi hitz edo gehiagoren elementuz osatuta daude; gehienetan silabaz. Esaterako: Eudel (Euskal Udalen Elkartea).

Siglak, oro har, letra larriz, arruntez eta punturik gabe idazten dira, izen berezia zein arrunta izan: EAE (Euskal Autonomia Erkidegoa); BEZ (balio erantsiaren zerga). Akronimoen kasuan, lehen letra soilik idazten da larriz, gainontzekoak xeheaz: Europol (Europako Polizia). Dena dela, badaude zenbait salbuespen. Merkataritza izenekin ari garenean, azalpen beharrik ez badute, lehen letra izan ezik, xeheaz idazten dira, nahiz eta siglak izan: Seat. Gainera, letra xeheaz idazten dira izen bihurtu diren sigla eta akronimoak: hies, laser, radar, modem... Horiez gain, Europar Batasunaren argitalpen ofizialetan indarrean dagoen hitzarmenaren arabera, sei letra edo gehiagoko sigletan eta akronimoetan, lehen letra baino ez da idatzi behar letra larriz, hitz gisa irakur badaiteke, bederen: Unesco (United Nations Educational, Scientific and Cultural Organisation). Baina izen gisa ezin irakur badaiteke, oso-osorik idatzi beharko da letra larriz: EMCDDA (European Monitoring Centre for Drugs and Drug Addiction).

Sigla bat jokatzerakoan, ez da kontuan hartu behar sigla hori nola idazten den, baizik eta nola irakurtzen den; azken batean, irakurketan bokalez ala kontsonantez bukatzen den. Eta izen berezien ordezkoak izaten direnetan, haiek bezala hartzen dituzte markak: "EUDELeko arduradunak AEBera joan dira".  

Konturatuko zinetenez, adibideetako zenbait sigla ez dira euskaraz eman, izan ere, oro har, siglak ez dira itzultzen, batez ere herrialde jakin batekoak direnean; bai itzultzen dira, ordea, ordezkatzen dituzten izenak: PCF (Frantziako Alderdi Komunista); PSC (Kataluniako Sozialisten Alderdia). Hala ere, nazioarteko erakundeen siglak euskaratu ohi dira, batez ere oso ezagunak direnean: NBE (Nazio Batuen Erakundea). Dena dela, batzuek oso forma ezaguna dute nazioartean, eta horixe bera erabiltzen da: Unicef; NATO.

Nola idatzi behar diren argituta, zelan irakurri izaten da beste zalantzetako bat. Ohiturak ohitura, formaren arabera, silabaka (hitza balitz bezala), letraka edo zati bat letraka eta beste zati bat silabaka irakur daiteke. Adibidez: EHU (e-hatxe-u), TAO (ta-o), EGA (e-ga), LAB (lab), JPGE (jota-pe-ge)...

Azkenik, gaiari dagokionez, zalantza gehien sortzen duen arloari helduko diogu: siglak nola jokatu eta kasu-markak nola lotu; hau da, nola deklinatu. Sigla bat jokatzerakoan, ez da kontuan hartu behar sigla hori nola idazten den, baizik eta nola irakurtzen den; azken batean, irakurketan bokalez ala kontsonantez bukatzen den. Izen berezien ordezkoak izaten direnetan, haiek bezala hartzen dituzte markak: "EUDELeko arduradunak AEBra joan dira". "UEFAk zazpi hilabeteko zigorra ezarri dio jokalariari". Dena dela, kontuan hartu behar dugu batzuetan izen arrunten ordezkoak izaten direla eta haiek bezala jokatu behar direla, artikulu eta guzti: "Non grabatu duzu CDa?"; "Nork itzali ditu PCak?": "Zenbat ordaindu duzu BEZa?"; "Bihar hastekoa da GKE-en biltzarra"; "Non jarri behar da NANaren zenbakia?"... Izen bihurtu diren siglekin ere modu berean jokatu behar dugu: radarra, laserra, hiesa...

Siglaren azken letra R gogorra denean, ez da r errepikatu behar lotura egiteko; horretarako, zuzenean lotzen zaio kasu-markari edo marratxoa erabiltzen da: "FAGORen lana goraipatu du RPRko diputatu ohiak". "RPR-ren izenean dator". Eta marratxoa aipatuta, argi dezagun azkenik, zein kasutan erabili behar den siglak deklinatzeko orduan. Berez, deklinabide-atzizkia siglari lotzeko ez da marratxorik erabiltzen. Baina siglaren azken hizkia eta kasu-marka berdinak badira, bai behar da: "AEK-k matrikulazio kanpaina abiatu du". Testu osoa letra larriz idatzita dagoenean ere, marratxoa erabili behar dugu: "ALDUNDIAK DIRU-LAGUNTZA EMANGO DIO EHU-RI". Eta siglan letra larriak eta xeheak nahasturik daudenean ere, marratxoa erabiltzen da: "RNAm-ren eta proteinen sintesia gertatzen da fase honetan". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun