Nahikoa da "dendari txikiak", "komertzio txikia" edo halako esaldiren bat idatzi eta interneteko bilatzaileetan osteratxoa egitea, sektore hori atakarik goxoenean ez dagoela ikusteko. "Desagertzeko arriskuan", irakur daiteke egunkari baten titularrean, Eusko Jaurlaritzak tokiko merkataritza "salbatzeko" iazko urrian martxan ipinitako plan baten berri emateko idatzitako albistean. Larritasun bera darie beste askori ere. El Mundo-k kaleratutako artikulu batean irakur dezakegu 2018an 922 saltokik itxi zituztela ateak EAEn, horietatik 550ek Bizkaian. Testu berean, Pedro Campo Bizkaiko merkatarien patronaleko (Cecobi) presidenteak adierazi zuen gaur egun internetegaz lehiatu beharra dela merkatari txikien arazorik handiena.
"Erakundeek tokiko dendariei laguntzeaz berba egiten dute, baina bidea zabaltzen diete merkataritza-gune handiei" (Amaia Sertutxa, Algortako Dendak)
Garai batean merkataritza-gune handiek kolpatu zuten tokian tokiko komertzio txikia, eta ondoren 2008an hasitako krisia etorri zen. Bigarren hura izan zen negozio txikien ugazabek irentsi beharreko tragorik latzena, eta askok ez zuten eztarritik behera pasaraztea lortu: kontsumoak oso behera egin zuen eta sektorean itxiera ugari egon zen. Egoera bere onera itzuli orduko, kontsumo-ohiturak aldatu egin direla konturatu ziren merkatariak: oraindino nagusi ez bada ere, oso-oso gora doa online salmenta, eta ez du ematen joera geldituko denik. Ez da arerio bakarra, gainera.
Pedro Camporen esanetan, gurean oraindino oso txikia da internet bidezko merkataritza, "baina orain bospasei urte ia ez zegoen eta gaur egun, berriz, osoaren %15 da, egokitzea beste biderik ez dugu". Bizkaian digitalmarket.com webgunea ipini da martxan, gura duten negozio txikiek haren bitartez euren produktuak eskain ditzaten, eta ekimena arrakastatsua dela uste du Campok. Daborduko 300 merkatari baino gehiagok eman dute izena, eta bide hori hartu dutenak, dendan bertan ere, bezeroagaz buruz buru, askoz gehiago saltzen hasi direla azpimarratu du Campok.
Algortako Dendak elkarteko zuzendaritzan dabilen Amaia Sertutxa ez da iritzi berekoa, ordea. Moda-denda txiki bat du Sertutxak, eta beraren ustez ez du zentzurik enpresa handien aurka online salmentaren eremuan lehiatzeak; "Jaurlaritzaren laguntzak jaso ditzakegu gure denda sarean jartzeko, baina aztertu ondoren, pentsatu dugu ez genukeela gauza handirik lortuko", dio; "zelan lor genezake posizionamendu on bat? Nirearen aurretik beste denda mordo bat agertuko da eta". Argi du Algortako Dendak-eko kideak: "Hurbileko merkataritza da gure jokalekua".
Merkatariei galdezka
Algortako Dendak orain dela bost urte sortu zen. "Helburua ez da inoiz izan pena ematea", azpimarratu du Amaia Amestoy diruzainak, "jendeak balora gaitzala gura dugu, kontura daitezela eurak izango direla pena sentituko dutenak merkataritza txikia desagertzen bada, herririk ez izatearen parekoa izango litzatekeelako". Haren kide Amaia Sertutxak ere aldarrikatu du tokiko merkatari txikien aspaldiko mezuetako bat: dendarik gabeko herria herri hila dela. "Gure egitekoa jendeak berton erostea da, beste inora joan barik".
"Gure helburua ez da pena ematea, jendeak balora gaitzala baino; merkataritza txikia desagertzea herririk ez izatearen parekoa da" (Amaia Amestoy, Algortako Dendak)
"Beste inora" esanez, merkataritza-gune erraldoiez dabil berbetan Sertutxa. Daborduko ez dira tokiko komertzioaren aurkako mehatxurik handiena, leku hori internetek eta kontsumo-ohituren aldaketak bereganatu dutelako, baina argi dago mesederik ez dietela egiten. "Erakunde publikoek koherentzia-falta handiz jokatzen dute arlo horretan", salatu du Sertutxak; "tokiko dendariei laguntzeaz berba egiten dute, kanpainak antolatzen dituzte eta goiburuak asmatzen dituzte, baina gero azalera handiko guneei bidea zabaltzen diete".
Getxon ez dago merkataritza-parke erraldoirik, "bai ordea Berangon eta Leioan", adierazi du Amaia Sertutxak, "eta batez ere Getxoko biztanleak hartzen dituzte; oso zaila da horren aurka lehiatzea". Amaia Amestoyren berbetan, "gaur egun eragina hain handia ez bada ere, inguruko lehen merkataritza-gune handiak zabaldu zituztenean, orain dela hogei urte inguru [berbarako, apirilean 22 beteko dira Leioako Arteak ateak zabaldu zituenetik], inpaktua asko igarri zen".
Eskarmentuko dendaria da Amestoy, eta ondo gogoan du lanbidean hasi zenean zapatu goiza izaten zela Algortako dendentzat asteko momenturik onena: "Inguruko herrietako jendea etortzen zen, eta beste edozein egunetan baino gehiago irabazten genuen goiz horretan". Merkataritza-gune handiek ohiturak aldarazi zituzten, baina. "Jendea hasi zen zapatu goizetan Arteara joaten, umeak hango txoko batean uzten, erosketak egiten eta, suertatuz gero, arroparen bat edo pare bat oinetako erosten, herriko dendak sal dezakeena baino askoz merkeago noski, eta autoa askoz errazago aparkatuta".
Hurbileko arreta gura dute batzuek
Esan bezala, azalera handiko saltokien eragina igartzen dute oraindino merkatari txikiek, baina ez garai batean adina, haiek ere higadura jasan dute eta. Batetik, zer esanik ez, krisia denontzat izan delako, eta kontsumitzeko modua aldatu duelako, saltokia edozein dela ere. "Jendeak orain, eta gazteek batez ere", uste du Amestoyk, "erabaki du gastatzeko 50 euro izanez gero 30 bidaia baterako erabiliko dituela, beste hamabost jatetxe batera joateko, hau da, aisialdirako, eta gainerako bostekin, agian, zerbait erosiko duela".
"Badago buruz buruko arreta nahi duen jendea, eta badakite gurea saltoki handi batean jasoko dutena baino hobea dela" (Charo de la Varga, Astrabuduko Merkatarien Elkartea)
Ez hori bakarrik. Saltoki handietako prezio merkeek eta beste abantaila batzuek oraindino pertsona ugari erakartzen badituzte ere, Amestoyren eta Sertutxaren iritziz merkataritza-eredu horren gabeziek ordainsaria ekarri dute, eta bezero asko denda txikietara "itzultzea" eragin du, zelanbait esatearren. "Han prezioa duzu, ordutegia duzu… baina ez arreta", dio Amestoyk. "Uste dut jendea erantzuten ari zaiela eskaintzen diegun gauza onei", dio Amaia Sertutxak, "nik bezero fidel asko dut, azalera handiko guneez nazkatuta dagoena eta online sektorean ere bizipen negatiboren bat izan duena".
Kontzientziazio eske
Elkarrizketaren amaieran honakoa aipatu du Amaia Amestoyk: "Imanol Landa Getxoko alkatea zenean, esan nion Udalak kontzientziazio-lana egin beharko lukeela ikastetxeetan, ikasleei ulertarazteko bertan erosi ezean herria hil egiten dela". Ideia bera mahai gainean ipini dio Astrabuduko Merkatarien Elkarteak Erandioko Udalari, Estibaliz Rodriguez presidenteak eta Charo de la Varga presidenteordeak azaldu dutenez. "Prest agertu gara eskoletara gu geu joateko, kontzientziazio-lana egitera; eta eskolatik kanpo egiten dituzten irteeretako bat izan dadila herriko dendetan zelan lan egiten dugun ikusteko; haien erantzunaren zain gaude oraindik".
Aurten hogei urte beteko ditu Astrabuduko Elkarteak, eta osasuntsu dabil. 98 bazkide ditu, hau da, auzoko ia negozio denak. "Egoera zelakoa den? Zaila", dio Rodriguezek, "ausartuko naiz esatera Astrabudua dela Bizkaian, eta beharbada Euskadi osoan, inguruan azalera handiko merkataritza-gune gehien duen auzoa. Baina eusten diogu".
Ez hondoratzearen zergatia azaltzeko, Charo de la Vargak Algortan aipatu dituztenen antzeko arrazoiak eman ditu: "Badago espezializazioa eta buruz buruko arreta nahi dituen jendea, eta badakite gurea saltoki handi batean jasoko dutena baino hobea dela". Hala ere, daborduko aipatu ditugun faktoreek eragina dute Astrabuduan ere, zer esanik ez. Ondorioetako bat da, Rodriguezek eta De la Vargak aipatu dutenez, gutxi gorabehera denetariko eskaintza mantendu arren saltoki gutxiago dagoela sektore bakoitzeko. Hori bai, auzoak indargune garrantzitsua duela azpimarratu dute, elikaduraren arloan behintzat: merkatua, beste herrietako jendea ere erakartzen du. "Izan ere, elikadurarena da hemen denda gehien duen sektorea, alde handiz".
Beherapenak noizgura
Hain zuzen ere, elikagaien salmenta da merkataritza txikiaren azpisektorerik egonkorrena, arestian aipatu dugun artikuluan Pedro Campo Cecobiko presidenteak azaldu zuenez. Gorabeheren menpekoena, berriz, modarena da, besteak beste marka handien presioa dela eta. Presio horren aurpegietako bat beherapenen liberalizazioa da, "logikarik gabekoa eta merkatari txikientzat oso kaltegarria", Camporen berbetan.
"Deskontuak ditugu etengabe, eta horrek beherapen-sasoia indargabetu du, urtaro-amaieran geratutako soberakina saltzeko unea zen aldetik", dio Campok. Bat dator Algortako Dendak elkarteko Amaia Amestoy: "Guk ere egiten genuen Black Friday, baina utzi egin genion azkenean uneoro zaudelako sustapenak egiten, eta bezeroa ohitu egiten da. Saltoki handiek egin dezakete, baina guk ez, edo halako batean ez da geratuko beherapenetan joateko dendarik".
Kontsumo-eredua ezbaian
Elkarteko beste Amaiak, Sertutxak, kritika gogorra egin die merkataritza-gune handiei: "Leku horietara erosketak egitera joatea ez da ekologikoa, eta ez dakarkio onurarik bertoko ekonomiari, zerga asko kanpora joaten delako", dio, "kontratazio partzialeko eta sarritan txarto ordaindutako lanpostuak sortu baino ez dute egiten".
Gaiaz galdetuta, honakoa dio GuNe kolektiboko Ander Dokandok: "Uste dut azpiegitura horiek ondo laburbiltzen dutela kapitalismoaren izaera; kapitalismoak dena zentralizatzen du, eta bizitzaren eginkizun nagusiak arautzen saiatzen da: hemen lo egin behar duzu, hemen lan, hemen erosi, oporretara hona joan...". Herriei nortasuna kentzea ere aipatu du merkataritza-gune handiek eragindako kalteen artean, besteak beste denda eta negozio txikiak ahultzen dituen heinean, "nahiz eta komertzio txikia panazea ez izan".
Azken esaldi horren ildotik, denda txiki batzuek handien gaitz berdinak dituztela adierazi du Dokandok (sasoiz kanpoko elikagaiak saltzea, langileei baldintza txarrak eskaintzea, hondakinak behar bezala kudeatzea...), eta honenbestez, eztabaidatu beharreko dikotomia "agian ez dela saltoki handia versus denda txikia, baizik eta kontsumo-ereduen artekoa". Zehazki, kontsumitzaileari erabakitzeko askoz ahalmen handiagoa ematen dion eredu baten alde egiten du GuNe kolektiboak. Bide batez, bide horretatik jo gura duen proiektuei baimena emateko orduan erakundeek, eta zehatzago esanda udalek, saltoki handiei ematerakoan baino zorrotzago jokatu ohi dutela salatu du Ander Dokandok.
Tokiko erakundeen erantzuna
Merkataritza-gune handiak sor daitezen emandako erraztasunak kritikatu arren, gugaz berba egin duten salerosleen elkarteek esan dute harreman ona izaten dutela administrazioagaz, eta bereziki udalakaz, haiengandik laguntza jasotzen dute eta. Azken boladan arlo horretan nabarmendu den bat Sopelakoa da. Sustapen Ekonomikoko zinegotzi Teresa Fernándezek azaldu digunez, bertako udal-gobernuak hainbat ildo zabaldu ditu merkatari txikiei laguntzeko. Horietako bat sustapen-ekintzak dira (Gabonetan herrian erosteko kanpaina, adibidez), eta horiez gain merkatariak trebatzeko hainbat ekimen ere badituzte martxan.