Historiaren ganbara

Uribe Kostako lehenengo gizaki ehiztariak

Iñaki Libano 2020ko mar. 12a, 10:44

Ehiztari-biltzailea zen gizatalde bat igaro zen Sopelatik duela 300.000 urte. Sutan gogortutako puntadun egurrezko lantzak zeramatzaten, ehizatzeko. Uribe Kostatik igaro ziren gure arbaso horien erremintak eta armak Sopelako Moreaga inguruan agertu ziren 1999an.

Bizkaian aire zabalean aurkitutako material arkeologiko zaharrenak Uribe Kostan agertutakoak dira. Horien artean topa ditzakegu sukarriz egindako erremintak, ehizarako piezak eta kronologia are zaharragokoak diren egurrezko lanabesak. Aurkikuntza horiek denak Bilboko Arkeologi Museoan daude gaur egun. Esan bezala, horietako gehienak silex edo sukarriz egindakoak dira, azkeneko 60 urteotan eskualdean agertutakoak. Hirigintza-prozesuetan egindako azterketa sistematikoetan eta aurreikusitako beste indusketa-lanetan aurkitutakoak dira. Den-denak ikertu eta zerrendatu egin dira, eta material horien zein agertutako aztarnategien klasifikazioa egin da, Historiaurreko hainbat etapatan kokatu ahal izateko.

Uribe Kostako aztarnategirik zaharrenak, Sopelako Moreagakoak, 300.000 urte ditu. Horren gaineko ikerketa lan honetan publikatu zen: Kobie de Paleoantropologia nº 31: (2012). Joseba Ríos-Iñaki Líbano-Diego Garate: Nuevas localizaciones del Paleolítico inferior en Uribe Kosta (Bizkaia): Los yacimientos de Moreaga (Sopela) y Errementariena (Barrika). Moreagan aurkitutako erremintak gaur egun daborduko inguru horretan dauden etxeak eraikitzeko obretan agertu ziren. Modu 1 tipologian klasifika genitzake horiek, Behe Paleolitokoak, alegia. Modu horien klasifikazio hori silexez eta bestelako mineralez egindako piezak datatzeko erabiltzen da, eta Europako aztarnategi garrantzitsuenetan egindako ikerketetan erabiltzen da, hala nola Atapuercan (Burgos). Bertan silex, kuartzita eta beste hainbat mineralez egindako erremintak agertu dira, eta honakoak kontuan hartuta sailkatzen dira: lantze-forma, morfologia eta tipologia.

Uribe Kostako ingurunea zelakoa zen imajina dezakegu, baita Moreagan agertutako erremintak zelan erabili ziren ere. Duela 300.000 urte eskualdea oso ezberdina zen geologikoki; glaziazioek eragindako aldaketa klimatikoek itsas-mailan aldaketak ekarri zituzten. Era berean, prozesu tektonikoek inguruotako paisaia modelatu zuten. Hala ere, antzekotasunak egon zitezkeen gaur egun topa ditzakegun zuhaitz-espezieei dagokienez; errekak ere bazeuden; baita kuaternario-garaiko hareatzak ere, Gorlizen oraindino topa ditzakegunak; eta ehizarako, arrantzarako eta fruituak batzeko errekurtso izugarriak izango zituzten Historiaurreko gizon-emakumeek.

Moreagari dagokionez, erreka bat zegoen inguruan eta ehiztariok horren ertzetatik mugituko ziren edozein animaliari eraso egiteko, baita sarratsak aprobetxatzeko eta fruituak batzeko ere. Historiaurreko gizon-emakume horientzat oso habitat preziatua izango zen Uribe Kosta, inguruak biziraupenerako beharrezkoak diren errekurtsoak eskaintzen zizkielako. Gainera, lanabesak eta armak egiteko lehengaiak behar zituzten, eta berton Kantauri isurialdeko silex-gune garrantzitsu bat dago: Barrikako Kurtziomendi.

Ehiza edo sarraskiaren aprobetxamendua erakusten duen Bizkaiko aire zabaleko aztarnategirik zaharrena da Moreagakoa. Leku horrek erakusten du zelan gizatalde batek zerbido edo bobido bat hil zutela lantzak erabilita edo, sinpleki, hilda zegoen animalia aurkitu zutela eta horren sarraskia aprobetxatu zutela: hezur-muina eta gera zitekeen okela.

Garaiko ehiztari horiek ondoko errekastoan zeuden uharriak erabiliko zituzten hezurrak hausteko eta okela ateratzeko. Harrien arteko talken bidez sorbatzak lortuko zituzten uharrien alde batean eta horien bitartez tendoiak ebaki eta hezurrak hautsiko zituzten muina ateratzeko, oso nutritiboa eta energetikoa zen eta. Hori egin ostean, momentuan egindako erremintak bertan utzi eta leku lasaiago batera joango ziren lortutako janaria lasai kontsumitu ahal izateko, bestelako harraparietatik babestuta.

Mota horretako harri-piezak aztarnategi batean in situ aurkitzea oso zaila da, ehiza- edo aprobetxamendu-prozesu baten arrastoak direlako. Moreagakoak, gainera, duela 300.000 urtekoak dira, eta oso arraroa da horiek aurkitzea. 

300.000 urteko piezen erakusketak

Askotariko lekuetan erakutsi dituzte Sopelako Moreaga aztarnategian aurkitutako erremintak, hala nola Bilboko Arkeologi Museoan, Irungo Oiasso Museoan eta Sopelako Kurtzio  kultur etxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun