Koronabirusa Uribe Kostan

"Ez gara zoratu behar erosketak egitean, ez da hornidura-arazorik egongo"

Unai Brea 2020ko mar. 14a, 18:40

Esnearen pasabideak eskualdeko saltoki handi batean atzo zuen itxura. UNAI BREA

Oinarrizko zenbait elikagairen apalak hutsik, gurdiak komuneko paperez beteta... Koronabirusaren krisiak ekarri dizkigun irudietako batzuk dira. "Ez da oinarrizko produkturik agortuko", dio Nerea Solozabal berangoztarrak, eskualdeko saltoki handi bateko kudeatzaileak. Indarrean ipini dituzten neurriez berba egin digu, besteak beste. 

"Egoerak astelehenean egin zuen eztanda, baina aurreko astetik hasi ginen igartzen jendea urduri zebilela, Italiatik zetozen berriak zirela eta", azaldu du Solozabalek. Egunotan zenbait apaletan salgaiak egon zitezen zailtasunak dituzte, baina lasaitasunezko mezua helarazi gura du: "Egunero heltzen zaigu genero berria, ez da ezer faltako."      

Argazkiko irudia eta antzekoak datorren astetik gero eta gutxiago ikusiko ditugula uste eta espero du Solozabalek. Izan ere, gaur (zapatua) goizean gainezka ibili direla azaldu digu, baina eguerditik, erakunde publikoek ezarritako neurriak ezagutu ahala, egoera asko baretu dela. "Saltoki bakoitzean gehienezko pertsona-kopuru bat ez gainditzeko agindua ere hasi gara betetzen gaur, eta jende gehienak oso ondo hartu du", gehitu du.

Zehazki, berak zuzentzen duen saltokiak 2.400 metro koadro inguru ditu, eta aldi berean 300 lagun hartu ahal izango ditu gehienez, neurri berrien arabera. "Goizean, zabaldu dugunean, hamabost laguni utzi diegu sartzen hamar minutuan behin, eta egoera lasaitu ahala denbora-tarte hori murriztuz joan gara", dio. Neurri horren gaineko informazioa mundu guztiak ikusteko moduan ipini dute daborduko.

Supermerkatuaren barruan pertsonen arteko gutxieneko metro bateko tartea utzi beharra gogorarazi du Nerea Solozabalek. "Mostradoreetan tarte hori egongo da pertsonekiko, eta gurdi bakoitzak ere gutxienez metro bateko distantziara egon beharko du hurrengotik". Kutxazainei dagokienez, eta erakundeek emandako protokoloak betez, denek dute likido desinfektatzailea, ordainketa bakoitzaren ostean erabili behar dutena, eta agindua dute oso sarritan joateko eskuak garbitzera. Eskularruak erabil ditzakete gura izanez gero, "baina ez da gomendatzen, birus asko geratzen baita horietan itsatsita, eta zailagoak dira garbitzeko eskuak baino".

Erlazionatuak

"Birusa gurekin dago; onartu eta ahulenak babestu behar ditugu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute / ALEA 2020 mar 13 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun