Koronabirusa Uribe Kostan

Diru injekzioa iragarri dute Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Frantziakoak

Berria 2020ko mar. 18a, 11:17

Bizkaian autonomoen PFEZaren ordainketa eten dute koronobirusaren krisia dela eta.

Koronabirusa egiten ari den kaltearen aurkako neurri ekonomikoak iragarri dituzte, baina OMEk esan du Europak askoz gehiago egin behar duela.

Koronabirusaren krisiak ekonomian izan duen eragin «izugarriak» arintzeko, Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri adostu zituen atzoko Gobernu Kontseiluan. Enpresak laguntzeko eta herritarren beharrizanei erantzuteko programak garatzeko, 300 milioiko aurrekontu bat onartu du, beharrezkoa izanez gero 500 milioiraino handituko duena. Arabak eta Bizkaiak, gainera, autonomoen PFEZaren ordainketak etengo dituzte.

Neurri ekonomiko ugari iragarri zituzten atzo erakundeek. Espainiak 200.000 milioi euroko funtsa baliatuko du ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Espainiaren BPG barne produktu gordinaren %20ko balioa duen funtsa martxan jarriko du Espainiako Gobernuak, sekula ez bezalako ekinaldia aurrera eramateko. Helburua da «inor ez uztea atzean krisi honetan», Pedro Sanchez presidenteak esan duenez. Sanchezek koronabirusak eragin duen egoeran «ezkutua» eraiki nahi du ekonomia babesteko, eta hark hartutako kolpeak arriskuan jarriko dituenak babesteko, halaber.

Frantziako Gobernuak ere kotizazioen eta zergen ordainketa atzeratu die enpresei. Kaleratutako langileen soldatak ordainduko ditu bi hilabetez. 300.000 milioi euroren bermeak emango dizkie enpresei, likidezia izan dezaten.

Neurri ekonomiko, sozial eta politikoak hartzen ari dira erakundeak azken egunetan, baina ez dira nahikoa. Hans Kluge Osasunaren Mundu Erakundeak Europarako duen ordezkariak esan duenez, Europak oraingo ahalegina halako bi edo hiru egin behar ditu koronabirusa ez zabaltzeko. Besteak beste, atzeman gabeko kasuak bilatu behar ditu grinaz; diagnostiko gehiago egin behar ditu, berrogeialdi gehiago; erietxeen ahalmena handitu behar du, eta baita gizartearen mobilizazioa ere.

Artikulu hau Berria egunkariak argitaratu du, eta CC BY SA 4.0 lizentzia baliatuz ekarri dugu HIRUKAra

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun