Hurrengo urratsa gizakietan probatzea da. Gizakietan entsegu klinikoak egiten dira, lehen, bigarren eta hirugarren fasekoak. Lehen fasekoetan, boluntario oso gutxitan probatzen da, printzipalki segurtasuna bermatzeko, eta, aldi berean, txertoaren zenbat dosi beharrezkoak diren jakiteko. Bigarren fasean, boluntario kopuru handiagoa erabiltzen da txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna aztertzeko. Hirugarren fasean, milaka boluntariotan eraginkortasuna eta albo ondorioen agerpena kontrolatzen da. Aurreko fase horietan guztietan emaitzak esperotakoak badira, medikamentuen nazioarteko agentziak onartu egiten du txertoa eta komertzializatu egiten da, eta, horren ondorioz, laugarren fasea hasten da, zeinetan albo ondorioen presentzia ikusten den behin merkatuan dagoenean txerto hori, urteak aurrera joan ahala.
Txinak koronabirus berri honen sekuentzia partekatu zuenetik 60 egun pasatu ondoren, jadanik lehen txertoaren proba hasi da gizakietan. Izugarrizko lorpena da hori zientzian.
COVID-19aren kontrako txertoaren bilaketa arin horretan, Ameriketako Estatu Batuetako Seattle hirian jadanik lehen fasean dagoen txerto bat probatzen ari dira lau boluntariotan, eta hurrengo hilabeteetan 45 boluntario biltzea espero dute. Txerto hori mRNA motakoa da, birusaren kode genetikoa du, eta haren xedea birusaren gainazaleko proteina bat blokeatzea da, haren erreplikazioa inhibituz. Boluntarioek txerto esperimental honen bi dosi jasoko dituzte hilabeteko tarteaz.
Txinan ere entsegu kliniko ezberdinak jarriko dira martxan boluntarioekin hurrengo hilabetean. Kasu honetan, aurreratuagoa duten txertoa gripearen birusaren bektoreekin egindakoa da eta. Kasu honetan, 108 boluntario biltzea da helburua ondorengo hilabeteetan.
Kasu horiez gain, beste hainbat ikerketa daude laborategi eta enpresa ezberdinetan: txerto errekonbinaturikoak, modu intranasalez ematekoak... Dudarik gabe, osasun krisialdi honek nazioarteko kolaborazioa ahalbidetu du, ahalik eta arinen txerto hori bilatzeko.
Baina argi geratu behar dena da nahiz eta hasierako proba horiek guztiek emaitza egokiak eman, segurua eta eraginkorra izan litekeen txerto hori populazio guztira ailegatzeko, oraingoz, 18 hilabete itxaron beharko ditugula, gutxienez. Horregatik egun txertoa denok gara, eta bakoitzak hartzen dituen babes-neurriak guztion mesederako dira.
[Miren Basaras Mikrobiologiako irakasle titularra da EHUn]
Artikulu hau Berria egunkariak argitaratu du, eta CC BY SA 4.0 lizentzia baliatuz ekarri dugu HIRUKAra