Didier Raoult gaixotasun kutsakorretan adituak eta Marsellako Ospitaleko zuzendariak azaldu bezala, tratamendua klorokinaren deribatu bat da. Azken hau malaria duten herrialdeetara doazen bidaiariek hartu ohi dute. Tratamenduak sei eguneko epean sendatzen ditu gaixoak, Raoultek adierazitakoaren arabera.
Proba medikua 36 pazienteri egin diete; 20ri hidroxiklorokina eman diete (horietatik seiri azitromizina ere bai) eta hamasei kontrolpean mantendu dituzte, tratamendurik gabe. Hirugarren egunetik aurrera hasi dira igartzen bi paziente moten arteko desberdintasunak. Hidroxiklorokinaz tratatutako pazienteen %70 sendatu egin dita, eta tratatu gabekoen %12,5 bakarrik. Azitromizinaz tratatutako sei gaixoak sendatu egin dira, jada hirugarren egunean karga birala asko jaitsita.
Proba arrakastatsua izan bada ere, azpimarratu behar da ez dela estrapolagarria, norbanakoen oinarri oso txikia baitu. Proba medikuaren egileek onartzen dute ez dela oso emaitza adierazgarria, baina mundu-mailako larrialdi egoera dela eta, probaren emaitzak argitaratzea positiboa dela uste dute.
Nazioarteko erreakzioak
Nazioartera egin du salto ikerketa berriak, eta Jordaniako eta New Yorkeko (AEB) osasun agintariek beraien lurraldeetan probak egiten hasiko direla adierazi dute. AEBetan, Donald Trump presidenteak martxoaren 21ean txiokatu zuen tratamendu berri horren arrakastaz, eta sendagai posible bat dela esanez. Stephen Hann Elikagai eta Farmazeutikoen Administrazio Federaleko komisarioak zuhurtzia eskatu dio presidenteari, proba gehiago egin artean.
Frantziako Estatua tratamendu berri horren alde agertu da, “bizitzak salbatu eta gaixoak sendatzea ahalbidetzen duen tratamendua aurkitzeko aukera badugu, entsegu klinikoak eta industria farmazeutikoa prestatzea ahalbidetzearen aldekoa izan naiz lehenengo egunetik”, dio Olivier Veran Osasun ministroak. Probak erabilgarria dela erakusten badu, "lehenbailehen" frantziarren esku utziko dutela adierazi du ministroak. Nizako ospitalea izango da Estatuan probak egiten hurrengoa.
Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.