Bakoitzak duen aukeren arabera barikuan mobilizatzeko eskatu diete sindikatuok langileei: "Geldialdiak, elkarretaratzeak, argazkiak, burrunbak...". Protestagaz batera, hainbat eskari helarazi gura diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Confebask eta CEN patronalei: oinarrizko zerbitzuetan behar diren prebentzio-neurriak ezartzea; oinarrizkoak ez diren lan denak bertan behera uztea; eta enplegua eta lan-baldintzak bermatzea.
Deialdia egin duten sindikatuen esanetan, langileen osasuna ez dago bermatuta koronabirusak eragindako krisialdi honetan, besteak beste Hego Euskal Herriko gobernuek eta patronalek, "interes ekonomikoak osasunaren gainetik ipinita", milaka pertsona behartu dituztelako funtsezkoak ez diren lanetara joatera.
Lanpostuak eta lan-baldintzak ere kolokan daudela adierazi dute: "Aurreko krisi ekonomikoa langileoi ordainarazi ziguten, eta oraingo osasun krisia ere langileok ordain dezagun nahi dute. Jada hasi dira behin-behineko kontratuak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen, eta milaka ERTE tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe, besteak beste".